Ekaitzak indar gabeturik

Denboralearen eta Baionako Barran 'Luno' zamaontziak askatutako erregaiaren ondorioz kaltetutako hegaztiak artatzeko, egitura indartu du Hegalaldia elkarteak.

Larrialdiko egitura osatu behar izan dute Hegalaldia elakrteko kideek, denboraleak ahuldutako hegaztiak artatzeko. ITSASO CUEVAS.
Aitor Renteria.
Uztaritze
2014ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ohiko pisuaren erdia baino gutxiago, odolean oxigeno eskas, lumak kalteturik eta batzuetan, elikatzeko indarrik gabe, ahuldurik, hilzorian. Iduri adierazgarria aurkezten du Stephane Maury Uztaritzeko (Lapurdi) Hegalaldia zentroko langileak. Azken denboraleen ondorioz, 400 itsas hegazti baino gehiago artatu dituzte egoitzan; asteak pasatu ondoren, ehun itsas hegazti daude oraindik Hegalaldiaren aterpean. Ondoko egunetan askatuko dituzte guztiak. «Atlantikoko itsas hegian, zoritxarrez, milaka izan dira indarrak ahiturik lehorrean hil diren itsas hegaztiak». Denboraleen eraginez, Uztaritzeko egoitzan zentralizatu zituzten dei guztiak, laguntzaileek bildutako hegazti zaurituak banatzeko. Egun bakarrean, berrehun dei baino gehiago ukan zituzten, eta artak antolatu. Igandea zen, eta Hegalaldia da kostaldean zabalik dagoen egoitza bakarrenetarikoa. Lapurdin, bakarra.

Pisua galdurik, hozturik, lehorrean bildu dituzten hegaztietan gutxik lortu dute bizirik irautea. Ekaitz bat izan balitz, arazorik ez luketela dio Mauryk. Alta, etengabeak izan dira, eta hegaztiek ez dute elikatzeko astirik izan bitartean. Britainia Handiko kostaldean, hegazti helduak ahitu dira kumeak elikatzeko ahaleginean. Kasu anitzetan, kumeak hilik, hegazti helduek Lapurdi aldera jo dute babestera, biziki txarki gainera.

Lehorrean

Luno zamaontziak 20 tona erregai askatu zituen istripua ukan zuelarik. Hegalaldiak larrialdi deia zabaldu zuen kideen artean, eta azpiegitura antolatu hegazti gehiago hartu ahal izateko. «Zorionez, Lunoko erregaia arina zen, eta lurrundu zen ekaitzari esker; zoritxarrez, hainbat itsasontzik ekaitza baliatu zuten itsas zabalean edukiontziak garbitzeko eta zikinkeria itsasora isurtzeko», dio Stephane Mauryk. Legeak debekatzen duen arren, kapitain anitzek egiten dute.

«Zorionez, istripua lehorrean gertatu da, eta ez itsas zabalean; Turismotik bizi den herrian uler daiteke auzapezak nahi ez izatea, baina, itsas zabalean gertatuz gero, kutsadura denetara hedatuko zen, Prestigen kasuan bezala», azaldu du Mauryk.

Bertze errealitate bat ere utzi du agerian Lunoren istripuak. Lapurdi kostaldean ez dago egiturarik balizko istripu bati buru egiteko. Hegaztien kasuan, Hegalaldia da egitura bakarra, eta urriak dira jasotzen dituen laguntza publikoak. Iaz, egoitza ixteko egoeran izan ziren. Partaidek emandako diru laguntzei esker segitu ahal izan du.

Aurten, egoera ez da hobea. Denboraleak eta istripuak agerian utzi dute hauskortasuna. Hegaztiak elikatzeko arrainak erosi behar izan zituzten, termometroak, odol hartzeak egin, antibiotikoak erosi. Hegalaldiaren aurrekontu arrunta, 250.000 euro da urtean. Erakundeen artean, Kontseilu Nagusiak bakarrik ematen die dirua. Gaineratekoa, borondatearen arabera heltzen da. «Funtzio publikoa aitortzen digute, baina,gero, Ingurumen ministerioak ez digu baliabiderik ematen», dio Celine Maury Hegalaldiako presidenteak. Ministerioak hegaztiak babes taldeetan kokatzen dituen arren, ez ditu horiek artatzeko laguntzak ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.