Baleen ehizari debekua

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du Japoniak egiten duen baleen ehiza ez dela helburu zientifikoekin egiten, eta horretarako baimenak bertan behera uzteko agindu du.

Japoniako Nisshin Maru enpresak ehizatutako hiru balea. TIM WATTERS / EFE.
ainara arratibel gascon
2014ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Nazioarteko Justizia Auzitegia argi mintzatu da: Japoniak Antartikan egiten duen baleen ehiza ez da legezkoa, eta, horren atzean, arrazoi zientifikoak baino gehiago, komertzialak daude. Auzitegiaren arabera, ehiza mota hori egiteko abian jarritako Jarda II programa ez da behar adina «gardentasunarekin» gauzatu. Hori dela eta, programa horri lotuta eman dituen baimenak «berehala» baliogabetzeko agindu diote Japoniako Gobernuari. «Erabakia ez dugu egoki ikusten, baina ezinbestean bete behar dugu, loteslea delako. Hori bai, epaia aztertu eta neurriren bat martxan jar dezakegun aztertuko dugu», esan du Nori Shikati Japoniako Gobernuko ordezkariak.

1986tik debekatua dago helburu komertzialekin baleak ehizatzea. Japoniak, berez, orduan utzi zuen baleen ehiza. Baina handik urte batzuetara, berriro ekin zion, helburu zientifikoekin egiten zuela argudiatuta. Horretarako Jarda I programa jarri zuen martxan. Animalien eta naturaren aldeko talde ugari kontra agertu ziren, baita zenbait herrialde ere. Aurka agertu ziren herrialdeen artean zegoen Australia.

2010ean Australiak beste urrats bat egin zuen, eta epaitegietara jo zuen. Japoniaren programak Baleen Ehiza Arautzeko Hitzarmena urratzen duela salatu zuen, eta ez dela batere zehatza. «Duen helburu bakarra komertziala da», esan zuen epaiketan Australiako ordezkariak. Japoniak, berriz, defendatu zuen programaren helburua zela Antartikako ekosistema eta baleen populazioa kontrolatzea.

Nazioarteko Justizia Auzitegiko hamabi epailek ontzat jo dituzte Australiaren argudioak. «Programa ez da batere modu gardenean gauzatu», dio epaiak. Gardentasun falta hori ehizatu dituzten baleen mota eta tamaina aukeratzerakoan eman dela uste dute epaileek. Izan ere, Jarpa I programan baino balea handiagoak ehizatu dituzte. Gainera, beste bi espezietakoak gehitu dituzte. «Ez du jakin erabaki horiek arrazoitzen eta argudiatzen».

Australiako Gobernuek ez ezik, Animalien Ongizaterako Funtsak ere pozik hartu du epaia. «Japonia, Norvegia eta Islandia dira merkataritza helburuekin baleak ehizatzen dituzten herrialdeak. Espero dugu herrialde horiek epaia betetzea».

Erabakiaren garrantziaz ohartarazi du Sea Shepherd elkarteak. Elkarte horrek urtero egin ditu kanpainak baleak arrantzatzen dituzten Japoniako ontzien aurka. « Sententzia honekin behingoz justizia egin da, Antartikaren ekosistemarentzat ezinbestekoak diren baleak babesteko. Garaipen handia da». Dena den, ez dira fio. «Prest ditugu ontziak, eta baleak ehizatzen jarraitzen badute, aurrean izango gaituzte».

Balea haragiaren salmenta nabarmen jaitsi dela gogorarazi du Ramagek. «Zaharkitua dagoen sektore bat da, eta ez da batere errentagarria». Hori baieztatzen duen datu bat eman du: 1962an, 230.000 tona balea haragi saltzen ziren Japonian; orain, berriz, 4.200. «Azken 20 urteetan, 10.000 baleatik gora hil dituzte».

Islandian ere baleen ehizak gobernuaren babesa du. Iaz hasi zen berriro ehiza han. Greenpeacek gogor salatu zuen erabakia, baita Islandiako Bidaia Agentzien Elkarteak ere. Bidaia agentzietako ordezkariek gogorarazi zuten etekin handiagoa lortzen dela baleak ikusteko antolatzen diren irteeren bidez baleak ehizatuz baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.