Hitzak arte bihurtuz

Alberto Barandiaranen eta Castillo Suarezen literatur lanetan oinarrituta, artelanak egin dituzte Sakanako ikastolako ikasleek. Altsasuko Ihortia kultur etxean daude ikusgai.

2014ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Artelanak egiteko, literatura izan dute inspirazio iturri Altsasuko (Nafarroa) Iñigo Aritza ikastolako ikasleek. Alberto Barandiaran kazetari eta idazlearen eta Castillo Suarez idazlearen literatur lanak oinarri hartuta, hainbat lan egin dituzte ikasleek. Bi idazleen testuek eragin dizkieten sentimenduak, kezkak, burutazioak eta beste islatzen saiatu dira, eta artelan originalak lortu dituzte. Formatu handian edo txikian, material birziklatuak erabili dituzte.

LiterArt proiektua egiteko, Altsasuko bi idazle aukeratu eta gonbidatu zituzten ikastolara: Alberto Barandiaran eta Castillo Suarez. Haur eskolako, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailakoek Suarezen hainbat ipuin aukeratu zituzten: Muxurik nahi, Erikaren kilikak eta Amalia eta Amelia. Barandiaranen kasuan, berak proposatu zien Postkronikak liburuko testuetako bat. Auschwitzen hildako Higinia borrokalariaren historia kontatzen duena. Idazleak ezagutu, literatur lanak landu, mamitu eta, azkenik, lanketa plastikoa egin zuten.

Literatur testuetan oinarritutako artelanak egiteko lana bi urtetik behin egiten dute ikastolan. Aurtengoa bigarren aldia dute. Literatura eta artea uztartuz proposamen interesgarriak egiten dituzte ikasleek. «Irakurzaletasuna eta irakurtzeak duen garrantzia nabarmendu nahi da. Arte adierazpen ezberdinak uztartzen dira horretarako. Oso lan politak egin dituzte», dio Nekane Zubizarreta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako DBHko ikasketa buruak.

Balioen gogoeta

Baina, irakurzaletasunaz gain, beste hainbat balioz gogoeta egiteko parada eman die egitasmoak ikasleei eta irakasleei. «Irakurketa lantzean, testuen esanahia hobe ulertzen. Baina hori bakarrik ez. Emozioen eta sentimenduen aldetik aukera handiak ematen dituztentestuak dira, eta hori islatzen saiatu dira ikasleak». Erikaren kilikak ipuinarekin, adibidez, sentimenduak zerrendatu dituzte: zergatik egiten den negar, sentimenduak, maitasun adierazpenak... Barrenak atera dizkiete liburuei. Suarezek eta Barandiaranek ikasleekin aurrez aurre egoteko aukera izan dute. Artelana egin baino lehen elkartu ziren haiekin. Ikasleen zalantzak argitu, eta testuetan agertzen ez dena osatzen lagundu zieten. «Oso originala eta berritzailea» iruditu zaio Suarezi proposamena. «Lan izugarria da, eta paperaren muga gainditzen du».

Literatur lanak beste dimentsio bat hartzen du proiektuan. «Sarbide mugatua dute liburuek, baina paperetik artelanera egindako jauzian hiru dimentsiotako gauza bat lortu dute».

Hamalau eta hamabost urteko gazteekin bildu zen Barandiaran, eta berak Higiniari buruz kontatutakoa ongi islatzen jakin dutela uste du. «Interesgarria izan da. Nik kontatutako ideia bat atera dute artelana egiteko. Lana ondo irakurri zuten, eta ideia harrapatu zuten».

Erakusketa Altsasuko Ihortia kultur etxean dago, apirilaren 27ra arte. Ondoren, Urdiainen eta Olatzagutian ere izanen da ikusteko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.