Izaskun Landaida. Emakundeko zuzendaria

«Abortuaren legearen kontrako gure jarrerak argia izan behar du»

Berdintasunerako VI. Plana onartuta, EAEko erakundeentzako irizpideak jarri zituen Jaurlaritzak joan den astean. Hedabideen eduki sexistetan esku hartzea aurreikusten du, baina elkarlana borondatezkoa izango da.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana onartu berritan eman ditu azalpenak Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak (Ugao, Bizkaia, 1969). Bereziki minduta mintzatu da Espainiako Gobernuak iragarritako abortuaren lege erreformarekin.

Horrelako legerik espero al zenuen?

Ez, ulertezina da. Ezin dugu halako atzerapausorik onartu emakumeen eskubideetan. 2010eko legeak adostasuna lortu zuen: Europaren ildoari jarraikiz, andreei eskubidea aitortu zien, eta segurtasuna eman; gero, bakoitzak erabaki dezake, norbere iritzi eta sinesteen arabera. Epeen sistemaren alde gaude.

EAEko erakundeek zer egin dezakete legea onar ez dadin?

Justizia eta Osasun sailekin harremanetan gaude, zein bide dagoen aztertzeko. Baina, zoritxarrez, kongresuan erabakiko da, eta han PPk gehiengoa du.

Jaurlaritzak adierazi du printzipioz ez duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko, desadostasunak ideologikoak direlako. Uste duzu helegitea jarri beharko lukeela?

Uste dut gure kontrako jarrerak argi geratu behar duela. Zelan bideratu aztertzen ari gara.

Mugimendu feministak gobernuei eskatu die intsumiso jarduteko. Eskaerarekin bat al zatoz?

Ulertzen dut, erasoak sentitzen direlako, baina zer dakar intsumisioak? Nork edukiko luke ardura, administrazioak ala medikuek? Hori da arazoa. Gai konplexua da; gogoeta sakona merezi du. Ea denen artean proposamen bideragarriak egiteko gai garen.

Berdintasunerako VI. Plana onartu duzue, baina aurrekoak hiru urte baino ez ditu egin indarrean. Zentzurik badu legegintzaldi bakoitzean plan bat egiteak, betetzeko astirik gabe?

Legea orain dagoen bezala, agintaldi bakoitzean plan bat egin behar da. Baina planak ez dira ezerezetik ateratzen, aurrekoak kontuan hartzen dira, eta hausnarketa sakona egiten da. Lan handia da, baina beharrezkoa, eta prozesu aberasgarria da.

Zein berritasun dakar VI. planak?

Balioak aldatzeko beharrean sakondu gura izan dugu: emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko lanaren oinarrian egon behar du. Batez ere gazteekin lan egin behar dugu, etorkizuneko gizonak eta emakumeak izango direlako: funtsezkoa da harremanak berdintasunean, autonomian, errespetuan garatzea.

Hortaz, indarkeriaren aurka egiteko modu nagusia prebentzioa da oraindik ere?

Bai. Biktima diren emakumeei arreta eta koordinazio onena eman behar zaie, baina, errora joaten bagara, prebentzioan eta sentsibilizazioan izugarrizko lana egin behar da, eta gizartean indarrean dauden pentsamoldeak eta balioak aldatu behar dira. Oraindik sistema androzentriko batean bizi gara, eta jende askok uste du gizon izateak eskubideak ematen dituela. Dena den, aldaketarik sumatu dugu, Beldur Barik programan, adibidez: lehenengo urteetan gazteek aurkezten zituzten lanetan bikote barruko indarkeria fisikoa jorratzen zuten, baina azken lanetan errora jo dute, desberdintasunak lantzera. Horrek dakar mutil gazteek maskulinitate eredua zalantzan jartzea, eta neskek desberdintasunak identifikatzea eta horiei aurre egiteko estrategiak bilatzea.

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu berri duen Hezkidetza Planak curriculuma aldatzea aurreikusten du. Noizko?

Legealdia hasi zenean lehendakariari jakinarazi genion aldaketa hori beharrezkotzat genuela, eta horretan gabiltza. Gauzak apurka lortzen ari gara, eta Hezkidetza Plana jauzi kualitatibo handia izan da: orain arte, programak egon dira, eta eskola batzuek izugarrizko lana egin dute, baina, orain, helburua da ikastetxe guztiek gaia lantzea, ezin baita utzi norbere parte hartzearen edo interesen esku.

Berdintasun politiken zeharkakotasuna bermatzeko, administrazioetan berdintasun teknikariak egon badaude, baina erresistentzia handiak topatzen dituzte lanean. Noiz arte izango dira arreba txikiak?

2005ean Berdintasun Legea sortu zenean, Emakunde zen berdintasun egitura bakarra; orduan hasi ziren berdintasun unitateak sortzen Jaurlaritzako sailetan, diputazioetan eta udaletan. Uste dut urte hauetako bilakaera aitortu eta indarrean jarri behar dela, oso aldaketa garrantzitsua izan delako. Beste gauza bat da abiadura: nahiko genuke aldaketak arinago gertatzea, baina lan ohitura batzuk daude, eta horiek ere apurka aldatu behar dira.

Zein estrategia hartu behar da orain arte berdintasunaren aldeko borrokara bildu ez diren gizonekin?

Planaren xedeetako bat da maskulinitate eredua auzitan jartzea, eta gizonak berdintasunerantz erakartzea. Batzuk jada konbentzituta daude, eta konpromiso pertsonala dute, baina, oraindik konbentzituta ez daudenengana heltzeko, uste dut ulertzeko moduko mezuak eman behar ditugula, adituak ez direnentzat. Erakutsi behar diegu berdintasuna denentzat dela ona, eguneroko adibideekin, ikus dezaten nola eragiten dieten desberdintasunek inguruko andreei, eta non dauden desberdintasun horiek, zeren, ez badituzte ikusten, ez dute aldatzeko beharrik ikusiko. Konplize berriak behar ditugu.

Enpresetan ere bai? Krisia hasi zenetik kontziliazioa agendatik desagertu baita...

Ziurtagiri bat dugu berdintasunean laguntzaile diren enpresentzat: diru laguntza ematen diegu hausnarketa eta plana egin dezaten. Egia da lana sakondu behar dugula: etxeetan erantzukidetasuna egon dadin, enpresek kontziliazio neurriak jarri behar dituzte. Bestela, lanaren eta familiaren artean aukeratzera behartuko dituzte emakumeak.

Genero indarkeriari buruzko ardatzean planak ez dakar neurri berririk. Prebentzioaz gain, koordinazioa hobetzea al da erronka nagusia?

Bai, eta ildo horretatik doa indarkeriaren inguruko zerbitzuak eta funtzioak Emakundetik ateratzeko erabakia. Batetik, Emakunderen 25 urteko izaera gorde da: gu organismo bultzatzaile bat gara, ez ditugu zerbitzu zuzenak ematen. Bestetik, gobernuko beste departamentu batzuen parte hartzea lortu dugu, indarkeria ez delako soilik Emakunderen arazoa, eta denen lana eskatzen duelako.

Biktimen ahalduntze prozesuetan baliabide nahikoak daude, ala ahalegin handiagoa egin behar da, adibidez, etxebizitza edo enplegu zerbitzuetan?

Emakumeak indarkeria egoeratik ateratzeko sekulako garrantzia du ahalduntzeak; autonomia pertsonalak, baina batez ere ekonomikoak. Ikusi baitugu emakumeak aurrera egiteko gai direla, baina beharrezkoa da baliabideak haien esku uztea, eta hor ahalik eta esfortzurik handiena egin behar dugu.

Planaren berritasun nagusia hedabideekiko lana izango da: irudi eta eduki sexistak edo indarkeria susta dezaketenak kendu nahi dituzue. Nola?

Badakigu lan zaila dela, baina uste dugu indarkeriaren tratamenduan, adibidez, argi utzi behar dela oinarrian desberdintasunak daudela. Orain hilabete batzuk, Begira batzordea martxan jarri genuen, eta, publizitatea ez ezik, komunikabideen esparrua ere jorratuko du; hortik bideratu nahi ditugu aurrerapausoak, baina egia da hedabideen konpromisoa beharrezkoa dela.

Hedabide pribatuentzat borondatezkoa izango da, orduan?

Bai. Orain arte bakoitzak nahi edo ahal izan duena egin du. Guk jarraibide batzuk eman nahiko genituzke, adibidez, indarkeria nola jorratu azaltzeko. Gero norberak erabakiko du noraino eraman gure gomendioak, baina guk parte hartzea nahiko genuke.

2012an lantalde bat sortu zuen Jaurlaritzak, hedabide gehienetako kazetariekin, baina aldaketarik ez da ia sumatu. Borondatezko lana eraginkorra izango dela uste duzu?

Hedabideetan, berdintasunean trebatutako kazetariek egon behar dute, genero ikuspegia txertatzeko. Hor egin behar dugu lan. Begira batzordeak lan ildoak eta gomendioak emango ditu, baina hedabide bakoitzak hausnarketa egin behar du, erabakiak hartu. Beti esaten dugu berdintasuna gizarte osoaren egitekoa dela: bakoitzak bere ardura hartu behar du.

Zer egingo duzue eduki sexistekin?

Orain arte, publizitatearen esparruan, Begirak iragarkien inguruko salaketak jaso eta bideratu izan ditu.

Zigorrik planteatu al duzue?

Bai, gaur egun ere badaude isun ekonomikoak.

Eta saririk?

Hori hausnartzen ari gara. Badakigu hedabide batzuek ez dituztela prostituzio iragarkiak jartzen, eta berdintasun gaiak primeran lantzen dituztela. Agian, indarrean jarri behar ditugu ibilbide positibo horiek, beste batzuentzat eredugarri izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.