Komunikazioa

Kazetariak jomugan

Unescok Costa Rican ospatuko du gaur Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna, urteetan kazetariek Hego Amerikan izan duten adierazpen askatasun falta salatzeko helburuarekin.

2013ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna Costa Rican ospatuko du gaur Unescok, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak. Arriskurik gabe hitz egin: Komunikabideetako adierazpen askatasun seguru baten alde lelopean, azken urteetan Hego Amerikako herrialdeetan hil dituzten kazetarien aldeko ekintzak antolatu dituzte. 2012an, Unescok salatu zuen 121 kazetari hil zituztela, eta azken hamar urteetan 600 bat hil dituzte. Horrela, erakundeak prentsa askatasunaren legedia garatzen lagunduko du herrialde horietan.

Unescoren arabera, astero kazetari bat hiltzen dute Hego Amerikan. Hala ere, errealitatea larriagoa izan daiteke, azken gertakariak kontuan hartzen badira. Azken hamar egunetan, Paraguaiko kazetari bat eta Mexikoko argazkilari bat hil dituzte. Hilketa horien atzean, normalean, ustelkeria kasuak daude. «Kazetarien segurtasun neurriak indartu behar ditugu. Ustelkeriaren eta droga trafikoaren inguruan era askean hitz egiteko eskubidea duten profesionalak dira», adierazi zuen Irina Bokovak, Unescoko zuzendari nagusiak, orain egun batzuk.

Mexikon, adibidez, prentsak eguneroko zaila du. Droga trafikoaren gaia komunikabideetan agertzen denean, komunikabide horien eraikuntzei erasotzen diete. Gainera, komunikabideen aldetik ere jazarpena dago, eta horien ildo editorialari jarraitzen ez dioten hainbat kazetari ere kaleratu dituzte. Azken gertakari horien harira, ehun bat kazetarik manifestazioa egin zuten igandean Barne Ministerioan aurrean. Bertan, urteetako heriotzak eta adierazpen askatasun falta salatu zuten. Aste honetan bertan, argazkilari bat hilik aurkitu dute, eta Gerardo Padilla telebista aurkezlea desagertuta dago. Beste kasu bat Regina Martinezena izan zen. Orain urtebete hil zuten, eta oraindik ez da ezer argitu. Hilketaren inguruan Jorge Carrasco berriemailea ikertzen aritu zen. Ondoren jakin denez, Carrasco bahitzeko plan bat zegoen martxan.

Mexikokoa, baina, ez da adibide bakarra. Hondurasen ere bada kasurik, eta horien azterketa sakona egin zuen Dina Meza kazetariak. Kazetaria izateaz gain, emakumea da. Hego Amerikako herrialde txiroetan arriskua areagotzen du horrek. «Ordu laurdenero emakume bat hiltzen dute Hondurasen. Emakumeok ezin dugu ozen hitz egin, segituan sukaldera edo gure gizonak asetzera bidaltzen gaituztelako», dio Mezak. Joan den urtean, nekazari eta lurjabeen arteko gatazka landu zuen, Aguan eskualdean. Horren ondorioz, mehatxuak eta irainak pairatu zituen.

Hego Amerika, zoritxarrez, ez da adibide bakarra. Pakistanen, bederatzi kazetari hil dituzte aurten, eta Somalian, berriz, bost. Sirian ere beste lau hilketa egon dira, 2013ko lehen lau hilekoan. Guztira 39 kazetari hil dituzte nazioartean, urtarriletik apirilera bitartean.

Alemu, aurtengo saritua

Unescok Reeyot Alemu Etiopiako kazetariari emango dio aurtengo Prentsa Askatasunaren Unesco-Guillermo Cano saria. Gaur egun kartzelan dago, bost urteko zigorra betetzen. Alemu 2011. urtean atxilotu zuten, eta Fetehjustizia, euskaraz— aldizkarian egiten zuen lan, sistemarekiko artikulu kritikoak idazten.

Epaimahaiak Alemuren «grina, erresistentzia eta adierazpen askatasunaren alde egindako lan gogorra» goraipatu zuen erabakia hartzerakoan. Alemurena ez da Feteh aldizkariak jasan duen eraso bakarra. Iaz Temesgen Desalegn zuzendaria kartzelan sartu zuten, «herrialdearen segurtasuna arriskuan jartzeagatik». Meles Zenawi Etiopiako presidentearen heriotzaren inguruan idazteagatik atxilotu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.