Komunikazioa

Alfabetoko hizkiei tiraka

Bigarren denboraldia du 'Atik Zra' saioak Hamaika telebistan. Astero gai bati buruzko solasaldia gidatzen du Ane Zabala kazetariak. Kaleko iritziekin eta erreportajeekin indartu dute saioa.

Ane Zabalak aurketzen eta zuzentzen du Atik Zra saioa. Hamaika sortu zutenetik dabil telebistan lanean. HAMAIKA.
Adrian Garcia.
2013ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Hizkiekin jolasean bilatzen du asteroko gaia Ane Zabalak;hizki bat aukeratu, eta hizki horrekin hasten den gai bati buruzko solasaldia gidatzen du Hamaikako kazetariak Atik Zra-n. Bigarren denboraldia du gaur-gaurko gaiei buruzko saioak. Ostegunetan ematen dute, Hamaika telebistan, 22:00etatik aurrera.

Maiztasuna da bigarren denboraldiko aldaketarik nabarmenena; bi astean behin ematen zuten lehen. Orain, astean behin mahai baten bueltan elkartzen dira Zabala eta hainbat aditu gaiari buruzko askotariko ikuspegiak zabaltzeko. Egitura aldetik ere berritasunak dakartza saioak. Orain arte bezala, platoan hiruzpalau lagunekin bilduko da Zabala, eta asteroko gai horri buruz eztabaidatuko dute. «Horrez gain, gai horren harira kaleko iritziak jaso, eta gaiaren inguruko erreportajeak gehituko dizkiogu», azaldu du Zabalak.

Eztabaida baino gehiago, solasaldia dela argitu du Hamaikako kazetariak. «Zaila izaten da kolore ezberdinetako jendea gai baten bueltan telebistan aurrez aurre hitz egitera ekartzea». Horregatik, saioa platotik atera nahi izan dute. «Kanpoan grabatutako erreportajeak egingo ditugu, gaiaren inguruko beste adituekin». Gaiak sakonago eta zabalago landu ahal izango dituztelakoan dago Zabala. «Iritzi gehiago izango ditugu, ez bakarrik platora datozen gonbidatuenak».

Gaia hobeto lantzeko aukera emateaz gain, saioa platotik ateratzeak «erakargarriago» ere egiten du. «Ez dugu ahaztu behar telebista egiten ari garela. Horrelako gai potoloak platotik kanpo lantzeak indarra ematen dio».

Ikus-entzuleak bere iritzi propioa eratzeko tresna izan nahi du saioak. Izan ere, gaiari buruzko informazioa ez ezik, adituen analisiak eta kaleko iritziak dira saioaren zutabe. «Gaiari buruzko iritzi ezberdinak biltzen ditugu. Petroleoaren gaia landu genuenean, adibidez, zein erritmotan bizi garen, norbanako bakoitzak zenbat petrolio gastatzen dugun azaldu genuen. Horrek ematen dizu zer pentsatu».

Hizketa gaiak askotarikoak izaki, ikus-entzuleen profila ere anitza da. «Hori da saioaren abantailetako bat. Gaiaren arabera, jende desberdinari piztu dakioke interesa».

U hizkia

Biharko saioa u hizkiaren hasiko dute; Euskal Herriko Unibertsitatea hartuko dute gai gisa. «EHUko aurrekontuen murrizketa dela eta, finantzaketa pribatuari bidea irekitzeko aukera airean utzi zuen kurtso hasierako hitzaldian errektoreak». Hari horri tiraka, unibertsitatea hobeto ezagutzeko ahalegina egingo dute.

Unibertsitatea ikasletik gertu ala urrun dago? Unibertsitatea gizartetik gertu ala urrun dago? Galdera horiei erantzuteko hiruzpalau solaskide bilduko dituzte mahaiaren inguruan.

Bestetik, hainbat erreportaje eskainiko dituzte. Ikasle hasi berri batekin eta ikasketak amaitzear dituen ikasle batekin mintzatuko dira. «Urte horiek nola bizi izan dituen kontatuko digu». Irakasleekin ere izango dira haien ikuspegia ezagutzeko.

Iaz ekin zion Zabalak Atik Zra aurkezteari. Lehenago, Hamaika Telebistako erredakzio buru zen. «Lehen aldiz gidatu nuen solasaldi bat». Hitzekin jolasteak aukera asko ematen dizkio gaiak bilatzerako orduan. Adibidez, h hizkiarekin hizkuntzaren balioak landu zituzten. Ez zuten soilik euskararen inguruan hitz egin; hizkuntza aniztasunak zer onura dituen azaldu zuten. «Beti saiatzen naiz gai konkretu bati buelta ematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.