Komunikazioa

BERRIA, Europako erreferentziazko kazeten paretsu kalitatean

HGH ikerketa taldeak BERRIA, 'Argia' eta 'Goiena' hedabideen kalitatea neurtu du, eta Europakoekin alderatu

BERRIA, Europako erreferentziazko kazeten paretsu kalitatean.
Adrian Garcia.
2014ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Euskarazko prentsa oso gaztea da estatua duten hizkuntzakoekin alderatuz gero. Kalitate aldetik, baina, Europako hizkuntza handietan argitaratzen diren erreferentziazkoegunkarietatik hurbil dago. Horrela dio EHUko HGM Hedabideak, Gizartea, Hezkuntza ikerketa taldeak eginiko azterketak. Euskarazko prentsak gainditu egin du kalitate azterketa: 5,07 puntu, 10etik. Atzo aurkeztu zituzten ikerketaren emaitzak, Bilboko Komunikazio eremuak jardunaldietan.

BERRIA egunkarian, Argia astekarian eta Goiena herri aldizkarian 2001. eta 2013. urteen artean argitaraturiko edukiak aztertu ditu ikerketa taldeak. Orotara, hiru hedabideen paperezko eta sareko 570 eduki aztertu dituzte. Halaber, Europako erreferentziazko bost egunkarirekin azterketa bera egin, eta emaitzak alderatu dituzte. Financial Times, Le Monde, Frankfurter Allgemeine Zeitung, Corriere della Sera eta El País egunkarien 1.242 eduki aztertu, eta5,39ko nota eman diete.

«Erabilitako metodologia oso zorrotza izan da, horregatik dira notak baxuak», azaldu du Alazne Aiestaranek, HGHko ikerketaren egileetako batek. Aiestaranekin batera, Antxoka Agirrek, Beatriz Zabalondok, Txema Ramirez de la Piscinak eta Maria Gonzalez Gorosarrik osatu dute ikerketa.

Gizarte ekarpenean nagusi

Badu berezitasun bat euskarazko prentsak:oro har, Europakoak baino ekarpen handiagoa egiten dio gizarteari. «Herri ekimenetik sortutako proiektuak dira», dio Aiestaranek. Boterea gehiago kontrolatu,eta emakumeen eta bazterturiko taldeen presentzia ere handiagoa du euskal prentsak. «Nahiz eta gutxi izan bietan».Ahulguneak baditu euskarazko prentsak. «Gainditu egin du azterketa, baina ez gaude oso ozen ospatzeko». Ikerketaren arabera, oro har, akats gramatikalak eta pikaketa akats gehiegi ditu. «Gaiak sakonago landu eta ikuspegi pluralagoak erabili beharko lituzke».

Euskarazko hiru hedabideetatik Argia-k lortu du nota altuena (6,39). Astekaria izanik, informazioaren gaurkotasunean du punturik ahulena, baina edukien lanketan nabarmentzen da. «Guk erabilitako metodologia pentsatua dago batez ere informazio orokorreko egunkarietan aplikatzeko. Argia-ri mesede egin dio, edukiak astekari baten patxadaz landuta, sakontasunean oso nota ona eman diolako», azaldu du Aiestaranek.

BERRIAk 5,23ko puntuazio lortu du, Europako prentsaren kalitatearen batez bestekoaren oso hurbil, 0,16 puntura, hain zuzen. Financial Times(6,08) eta El País(5,47)ditu soilik aurretik. Edukien albistegarritasuna da euskarazko egunkariaren indargunea. Iturrien identifikazioan, ordea, nota baxuena jarri dio ikerketak, baina ez dabil urrun batez bestekotik. «Erabilitako kazetaritza estiloaren gabeziek eta eginiko akatsen bolumenak jaisten du azken balorazioa», dio hitzez hitz ikerketak. Gizarte ekarpenari dagokion arloan nabarmendu da BERRIA. Atal horretan, 0,31ko aldea ateratzen dio Europako prentsako batez bestekoari.

Goiena-k du aztertutako euskarazko prentsaren artean nota baxuena: 3,77. Aiestaranek dioenez, hainbat arrazoi daude puntuazio hori azaltzeko. «Metodologiak asko zigortu du kazetaritzaren oinarrizko arauak ez betetzeagatik». Herri aldizkaria izanik, irakurleekiko gertutasuna da Goiena-ren helburua, eta lehenengo pertsona erabili ohi du. «Hori zigortu egin dugu».

Papereko eta Interneteko edukiak aztertu dituzte, eta hedabide guztietan, euskarazkoetan eta Europakoetan, joera bera atzeman dute: paperezko edukien kalitatea handiagoa da sarekoa baino. «Frogatu da Internetek ezartzen duen erritmo azkar horrek informazioaren kalitateari kalte egiten diola», dio ikerketak. Goiena da ondorio horretan salbuespena, sarekoan balorazio altuagoa baitu.

Kalitatean, euskarazko prentsa eta Europako hedabide erreferenteak paretsu badaude ere, baliabideetan ez dago alderaketa bera egiterik. Ikerketak datu argigarri bat eman du: euskarazko hiru hedabideek 50.000 ale argitaratzen dituzte; Le Monde-k bakarrik, 300.000. Kalitate indizean, batez besteko 0,32ko aldea txikia da, hedabide handi horien aurrekontuekin alderatuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.