Komunikazioa

Kultura orokorreko galderak egiten

Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztutako 'Hizkamizka' saioak 80. atala grabatu zuen atzo. Euskarazko kultura orokorreko galderak egiten dituzte, eta guztira 81 lehiakidek hartu dute parte lehiaketan. Azken txapelduna Ioritz Berra donostiarra da.

Zuhaitz Gurrutxaga aurkezlea, atzo Hizkamizka saioko platoan 80. atala grabatzen. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Ainhitze Ruiz.
Donostia
2014ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Kantuen zatiak, esaera zaharrak eta hitzen definizioak asmatzeko, bi lehiakide aurrez aurre aritzen dira Zuhaitz Gurrutxagaren Hizkamizka saioan. Atzo grabatu zuten 80. saioa, eta programa guztiotan Euskal Herriko hainbat parte hartzaile izan dituzte kultura orokorreko galderak asmatzeko lehian. Guztira 81 lehiakidek parte hartu dute Hizkamizka-n. Atzo goizeko hamaiketan, kamerak alde batetik bestera zebiltzan platoan, aurkezleak saioan egin beharreko galderak errepasatzen zituen bitartean.

«Lehiaketa txiki bat da, eta ez du asmo arranditsurik, baina bere txikitasunean funtzio normalizatzaile bat betetzen du telebista publiko baten programazioan», azaldu du Hasier Etxeberriak, Hizkamizka saioaren zuzendariak.

Saioa grabatzen hasi zirenetik, 8.000 galdera egin ditu dagoeneko Gurrutxagak, besteak beste: «Zein zuhaitz ageri da Euskaltzaindiaren armarrian?», «Zein da Bibliako Evarekin lotzen den fruitua?», «Haur hizkeran nola esaten da eseri?».

Saio bakoitzeko bi partaide aritzen dira aurrez aurre, eta 120 galdera ingururi erantzun behar izaten diote. Galdera askok Euskal Herria dute erreferentzia. «Niretzat, oso esperientzia ona izaten ari da programaren aurkezle izatea; gainera, saio guztietan 120 galdera eginez asko ikasten da», azaldu du Gurrutxagak.

Lehiakideek lau zatitan jokatzen dute elkarrekin, eta proba horietan puntu gehien lortzen duenak azken proba egiten du, hau da, zakua irabazteko proba. Proba guztiak galdera-erantzun motakoak izaten dira: «Galderak geuk asmatutakoak dira», azaldu du zuzendariak. Proba batetik bestera, galderen zailtasuna areagotuz joaten da. Saioko irabazleak 200 euro irabazten ditu gutxienez. Irabazleak hurrengo saioan parte hartzen du. Aste guztiko bost saioak egun bakarrean grabatzen dira; beraz, egun batean bost saio pasatzen dituen lehiakideak 1.000 euro irabaz ditzake gutxienez.

Programaren erritmoa guztiz dinamikoa da: galdera-erantzunak egiten dira bata bestearen atzetik. «Orain erritmo hori baretzen ahalegindu gara; galderak huts eginez gero, errebotea dago, eta horrekin erritmoa apur bat baretu dugu», azaldu du programaren zuzendariak. Galdera-erantzunen erritmoari jarraitzea baino zailagoa da galdera horien artean aurkezleak egin behar dituen aipamenak egitea, Gurrutxagak esan duenez: «Programari lasaitasun apur bat emateko, aipamenak egiten ditut, eta askotan, saioa horren dinamikoa izanda, zaila da aipamen horiek noiz egin jakitea».

Programaren helburua Euskal Herri osoko jendea biltzea ere bada, zuzendariak azaldu duenez: «Oraingoz gipuzkoarrak etorri dira gehien». Gainera, «saiatzen gara bai lurraldeari eta bai generoari ere begiratzen lehiakideak hartzeko orduan».

Parte hartzaile gehienak gipuzkoarrak izan arren, badira gainontzeko euskal probintzietako hainbat gazte ere programan txapeldunak izan direnak. Horien artean, esaterako, Gasteizko Mikel Gonzalezek 14 saio irabazi zituen, eta 3.500 euro eraman zituen etxera. «Agian hori izan da lehiakiderik harrigarriena, 19 urterekin oso erraz irabazten baitzien aurkariei», azaldu du Gurrutxagak. Bilboko Ibon Astorkiza hamahiru saiotan aritu zen, eta 5.200 euro irabazi zituen. «Azken horri ez zion inork irabazi; lana zela-eta utzi egin behar izan zuen txapelketa», azaldu du saioaren zuzendariak. Azken txapelduna Ioritz Berra donostiarra da: programan jarraitzen du oraindik, eta hamar saio eta 3.100 euro irabazi ditu oraingoz.

«Lehiatzera datozenak urduri etortzen dira normalean, baina nik uste dut esperientzia polita dela hona etortzea. Azken batean, lehiaketa batean parte hartzen duzu, eta, gainera, telebista nondik nora doan ezagutzen duzu», azaldu du programaren aurkezleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.