Komunikazioa

Ahots askoren musika kaxa

Asteazkenero, «modu naturalean eta freskoan», emakumeen ahotsa zabaldu, eta, oro har, «komunikabideek garrantzitsutzat jotzen ez dituzten gaiak» lantzen dituzte 'Gonekin ero bero'-n.

Emakumeek eginiko lanen berri ematen dute Gonekin ero bero saioan, «modu ez ortodoxoan». AURORE LUCAS.
Adrian Garcia.
2014ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Gonekin ero bero. Edo beste hitz batzuetan: generoaren inguruan, baina modu «ez-ortodoxoan». Antxeta irratian asteazkenero 20:00etan entzun daitekeen irratsaioaren izenburuak ongi islatzen du saioaren izaera. Emakumeen ahotsa zabaldu nahi dute, Oihana Etxebarrieta saioaren sortzaileetako baten arabera. «Gizon zuri, erdi mailako klasekoak eta tarteko adinekoak dira protagonista hedabideetan». Ohiko moldeak hautsi, eta mundua askoz pertsona gehiagok osatzen dutela erakusteko baliatzen dute Antxeta irratiak eskainitako tartea. Interneten ere entzun daiteke irratsaio feminista, www.antxetairratia.com helbidean.

Etxebarrietarekin batera, Ainara Lopezek eta Miren Lanzek lan egiten dute. Bost bat denboraldi egin dituzte dagoeneko, «ohiko komunikabideek baztertzen dituzten gaiak azaleratzen». Gustuko gaiez aritzen dira irratsaioko esatariak. Horregatik egiten dute, hirukotearen hitzetan, saio «naturala eta freskoa». Emakumeek egindako lanak, feminismoaren borrokak eta komunikabideek baztertzen dituzten gaiak dituzte gustuko hizketagai. «Ahots desberdinen musika kaxa gara, apur bat zoroa».

Occhi di Farfala musika taldeko Miren Aranguren izango da bihar Gonekin ero bero-n. Horrez gain, martxoaren 8rako egitarauaz hitz egingo dute. Egun berezia izaki, zuzeneko saio bat egingo dute Irungo Lakaxita gaztetxetik (Gipuzkoa), 11:00etatik 13:00era.

Hari askori tira egitea atsegin dute, «betiere emakumeekin zerikusia dutenei». Kirolak, gizarte mugimenduak, unean uneko borrokak, gaur-gaurko gaiak, sexualitatea eta internazionalismoa jorratu ohi dituzte, besteak beste. Etxebarrietak dioenez, azkenaldian kultur gai ugari landu dituzte. «Artista, marrazkilari eta antzerkilari bila jo dugu».

Emakumeen ahotsa zabaldu eta bai hedabideetan bai irudizko kolektiboan haien presentzia «itzalpetik» ateratzeko xedez sortu zuten Gonekin ero bero. Etxebarrietak azaldu duenez, hastapeneko asmoak gainditu, eta uste baino «aberasgarriago» suertatu zaie egitasmoa. «Euskal Herrian imajinatu baino emakume gehiago dabiltza proiektu oso interesgarriak egiten, indarrez, gainera. Guretzat, pribilegioa da haiekin partekatzea gure irratsaioa». Emakumeei soilik ez, «gizarte osoari» zuzenduriko saioa da. «Emakumeen inguruko gaiak interesgarriak dira gizarte guztiarentzat».

Gutxi badira ere, badaude Euskal Herrian gisa horretako irratsaioak. Antxeta irratian bertan, Amapola morea irratsaioa egiten dute, eta bi astean behin, euskal emakume artista bat elkarrizketatzen dute ordu batez. Bilboko Irola irratian ere, Emarock musika irratsaioa entzun daiteke hamabostean behin. Desagertutako saioak ere badira: Euskadi Irratiko Andromeda saioa, kasurako.

Hedabideetan parekidetasuna kontuan hartzeko oraindik urrats asko egiteko badaude ere, Gonekin ero bero irratsaiokoek uste dute gizartea«bide onetik» doala. «Gurea bezalako irratsaio batek lagun dezakeela uste badugu ere, helburua da emakumeekin lotutako gaiak edozein saiotan landu ahal izatea».

Irrati libreak tresna gisa

Genero ikuspegia lantzeak gizartearen «argazki errealago» bat eskaintzen du. «Emakumeez, pertsona edadetuez, etorkinez, behar bereziren bat dutenez, homosexualez eta abar hitz egin behar dugu. Denok baikara herritarrak». Nahiz eta ohiko hedabideek gizartearen zati bat aintzat ez hartu, gogoratu dute egoera horri aurre egiteko tresnak badaudela. «Irrati libreek horretarako aukera ematen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.