Komunikazioa

Publizitatearen lehia hasi da

TVE publizitatea berriro ezartzeko aukera aztertzen ari da. UTECA telebista pribatuen elkarteak ez du begi onez ikusten aukera hori, kate pribatuen diru sarrerak gutxituko diren beldur.

Publizitate eredua alda dezake aurki RTVEk. Irudian, hedabide publiko horren Bartzelonako egoitza. BERRIA.
2013ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Telebistako publizitatearen aferak luzerako joko du. TVEk orain hiru urte publizitatea bertan behera uzteko erabakia hartu zuen, baina azkenaldian, egoera ekonomikoak bultzatuta, atzera egin dezakeela jakinarazi dute. Hedabide publikoak publizitatea berriro ezarriko balu, Mediaset eta Atresmedia enpresen diru sarrerek beherakada nabarmena jasango lukete. Hala adierazi du Arthur D. Little aholkularitza etxeak UTECA (Telebista Pribatuen Elkartea) elkartearentzat eginiko ikerketa batean.

UTECAk agindutako txostenaren arabera, publizitatea berriro ezartzeak ez lituzke Espainiako hedabide publikoaren arazoak konponduko. Are gehiago, 2009ko Finantzaketa Legea bertan behera geratuko litzateke, eta, ondorioz, 190 eta 250 milioi euro gutxiago jasoko lituzke. Gainera, kate pribatuek ere ondorio latzak jasango lituzkete. «Kate pribatuek 150 eta 175 milioi bat euroren galerak izango lituzkete publizitatea TVEra itzuliz gero», UTECAren txostenean ageri denez. Atresmediak eta Mediasetek egindako kalkuluen arabera, berriz, kopuru hori 300 milioi eurotaraino irits daiteke. Izan ere, publizitatea etengabe behera doan honetan, TVEk iragarkien %17 bereganatuko luke neurri berriarekin.

Publizitatea RTVEra itzuliko balitz, ez lituzke korporazioko «egiturazko arazoak» konponduko, eta, gainera, sektorea ataka larrian jarriko luke: «2009ko Finantzaketa Legearen ondorioz publizitatea bertan behera uzteko erabakiak ez du zer ikusirik hedabidearen finantzaketa arazoekin. Arazoak egiturazkoak dira, legearen aurretikoak, eta oraindik ez dituzte konponbideak aurkitu», UTECAren txostenean esaten.

2012. urtean 1,1 milioi euroko gastuak izan zituen hedabide publikoak. Txostenak nabarmendu duenez, gastu tamaina hori duenhedabide baten bideragarritasuna ia ezinezkoa da. Horregatik, eredu aldaketa bat eskatu dio UTECAk hedabide publikoari. «Publizitateak ez du RTVE jasangarriago bat egingo. Gainera, Europako telebista publikoentzat iragarkiak ez dira diru iturri garrantzitsuak. Egungo publizitate ereduarekin jarraitu behar du».

UTECAren txostenaRTVEren kudeaketarentzat kolpe gogorra da. Halaber, publizitatearekin hedabideak ia 7.767 milioi euroko zorra pilatuzuela gogorarazi dute; egoera horri Espainiako Gobernuak egin behar izan zion aurre. Zergatik, baina, zor hori? RTVEk funts publikotik dirua jasotzeko aukera duenez, publizitatea saltzeko garaian merkatuan zuen benetako balioa baino %25 merkeago saltzen zuela salatu du txostenak.

Inbertsioak, behera

Azken lau hilabeteetan publizitatean egindako inbertsioek nabarmen egin dute behera. Telebistek datuei aurre egin ezinik jarraitzen dute, eta %22ko jaitsiera eduki zuten apirilean —egunkarietan %18 erori da—. Lehen hiruhilekoarekin alderatuta, datuek lau puntu egin dute behera. Azken urtean, telebistak, prentsa idatziak eta irratiak publizitatean egindako inbertsioek %19ko jaitsiera eduki dute, batez beste. Orain, kateen esperantza nagusia uda da. Izan ere, ekainetik aurrera telebisten egoerak hobera egitea espero dute adituek, publizitatea igoko delakoan.

Telebista kateen unerik zailenean iritsi da UTECAren ikerketa. Izan ere, joan den martxoan Gobernuak LTDko bederatzi telebista kateren lizentziak baliogabetu zituen. Erabaki horren ondorioz, Atresmediako hiru kate, Mediaseteko bi, Veo TVeko bi eta Net TVko beste bi lizentziarik gabe gera daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu