Rubalcabak legea aldatzeko asmoa berretsi du

Zinegotzien bizkartzainei udaletxeetarako sarrera debekatzea galarazi nahi du Barne ministroak

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Bilduk agintea duen udaletxeetan bizkartzainei sartzen ez uztekotan Tokiko Araubidearen Oinarrien Legean erreformak egin beharko direla esan du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak. Beste alderdi batzuek ez dute beharrezko ikusten. Gaia auzitan da, joan den asteko astelehenean Andoaingo alkate Ane Karrerek zinegotzi batzuen eskoltei udaletxera sartzea debekatu zienetik.

Tokiko Araubidearen Oinarriak zehazten duen legea da aldatu nahi dutena. Izan ere, herriek beren eremu publikoetako segurtasuna kudeatzeko askatasuna dutela dio lege horrek. Horrela, udaltzainek bi zinegotziren bizkartzainak udaletxetik kanpo utzi zituzten, alkateak hala eskatuta. PPko zinegotzi batek eta PSE-EEko beste batek sartu behar izan zuten bakarrik, Bilduko ordezkarien erabakiz.

Bilduk gobernatzen duen udaletxeetan zinegotziei bizkartzainekin sartzen uzten ez bazaie, neurriak hartzeko asmoa iragarri du Rubalcabak. Aste honetan Andoainen gertatutakoa beste nonbait errepikatuko balitz, legearen erreforma «premiaz» egingo dela agertu du.

Orain, Tokiko Araudiaren Oinarrien Legea aztertzen ari dira, ikuspuntu juridikotik aldaketa hori benetan behar ote den ikusteko. Barne ministroak argi utzi du, oraingo legea aski ez bada, beharrezko aldaketak bultzako dituela hala izan dadin. Hala ere, Bilduko ordezkariei honako hau gogorarazi die: «Gobernu guztiak daude legearen menpe, eta legeak beren zinegotzien segurtasuna bermatzera behartzen ditu».

Fiskaltzak, berriz, zehaztu du Estatuko Fiskaltzaren erabakia dela legezko oinarririk ba ote den zinegotzien eskoltak kanpoan utzi izana inpugnatzeko. Fiskaltzak legea aztertuko du, indartzea beharrezko ote den erabakitzeko.

Gainerakoen desadostasuna

Hasieratik Karrere alkate andoaindarrak hartu zuen erabakiaren aurka agertu ziren alderdi batzuk. Baina Rubalcabaren erabakiarekin ere ez dira alde agertu.

Jauregi Presidentetzako ministroak uste du orain dauden legeak aski direla, eta ez du «ekintza legal gehigarriak» hartzeko beharrik ikusten. Gainera, beharrezko ez ikusi arren, «benetan behar balitz» egingo luketela azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere desadostasuna azaldu du Karrereren erabakiarekiko. Idoia Mendiak ETA bizirik dagoela gogorarazi du: «Ezin da existituko ez balitz bezala jokatu politikan». Erabaki hark bi zinegotzien segurtasuna arriskuan jarri zuela azpimarratu arren, onartu du ez zaiela ezer gertatu.

PPko ordezkariak ez dira hain lasai agertu, eta Basagoitik zorrotz esan du «higuingarria» dela Bilduk ETAri armak uzteko ez eskatzea eta gero bizkartzainei udaletxeetan sartzen ez uztea. PPkobozeramaile Soraya Saenz de Santamariak Rubalcabari bere erantzukizunak bete ditzala eskatu dio, «bete dezala ostiralean hitz emandakoa».

Urkulluk, berriz, bizkartzainen laguntza duten zinegotziekin eztabaidatzeko aholkatu dio Bildu koalizioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.