Mikel Bujanda. Euskalerria Irratiko zuzendaria

«Proiektuan konfiantza genuen, baina bagenekien nork erabakitzen zuen»

edurne elizondo
Iruñea
2013ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Gobernuaren erabakiak ez du ezustean harrapatu Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujanda. Lehiaketa egiteko modua kritikatu, eta lanean jarraitzeko asmoa berretsi du.

Lizentzia lortzeko itxaropen handiagoa bazenuten oraingoan?

Itxaropena baino gehiago, konfiantza genuen, gure proiektua inoiz baino sendoagoa delako. Esperientzian eta eskarmentuan oinarritutako proiektua da. Iruñerrian egun dauden komunikazio beharrak hobekien betetzen dituena da gure proiektua. Ez gara inozoak, hala ere, eta bagenekien erabakia nork hartzen zuen. Deialdiak berak bazituen hainbat ezaugarri gehiegizko diskrezionalidaderako bidea irekitzen zietenak erabaki hartzaileei.

Zer-nolako ezaugarriak?

Kontua da deialdiak esaten zuela irrati zerbitzurik onena hautatuko zutela, baina irrati zerbitzu ona zein den ez zegoen zehaztua. Zerbitzua ez zegoen definitua. Guk horri buruzko helegiteak aurkeztu genituen, baina ez dituzte kontuan hartu. Argi esan genien aztertu behar zela zer eskaintzen den eta zer ez, non dagoen defizita, eta defizit hori betetzea behar zuela izan lehentasuna. Baina ez dute hori egin nahi izan. Gainera, erabaki dena erabakitzeko presioak izan dira.

Noren presioak?

Lizentzia eskuratu dutenek pasabideetan egin dute presioa. Aurreko lehiaketarekin alderatuta, bada ezberdintasun bat azken honetan. Aurrekoan saritzen zen aurretik lizentziarik ez izatea, berria izatea, nolabait. Orain hori hutsaren hurrengotzat jo dute. Eta sarituak izan direnen presioaren ondorioz gertatu da hori.

Europatik egindako eskaerak ere ez dituzte kontuan hartu.

Hala da. Lehiaketan aipatu zuten hainbat lege bete behar zutela, baina Euskararen Legea bera bete behar zutela ez zuten aipatzen; are gutxiago Europan emanak dauden hizkuntzak babesteko agirien esanak bete behar dituztela.

Eta orain, zer?

Galdetu dugu ea Iruñerako lizentzia gehiago eskatuko duten. Ez da ezer bukatu. Orain eman dituztenak ere 1998ko lehiaketan kanpo gelditu ginenongatik eskatu zituzten. Neurri batean, ebatsi dizkigute. Lanean jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.