Paperaren Klusterreko enpresen fakturazioa 2004koaren pare dago

Iaz diru sarrerak %7 handitu zituzten, baina lehengaien garestitzea sektorearen suspertzea moteltzen ari da

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Krisiak gogor eragin dio papergintzari: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Paperaren Klusterreko enpresen iazko fakturazioa 2004koaren pare dago; ekoizpena 2003koaren antzekoa da; eta paper eta kartoi kontsumoa 1999koaren parekoa da Europan. Fakturazioa hobetu dute, baina aintzat hartu behar da 2009a urte oso txarra izan zela sektorearentzat. Klusterreko enpresen produkzioa %10 eta fakturazioa %22 jaitsi ziren 2008koekin alderatuta.

Rafael Sarrionandia EAEko Paperaren Klusterreko presidenteak argi eta garbi azaldu zuen atzo, batzar nagusiaren aurreko agerraldian: «Iazko hobekuntza txikiak ez du esan nahi sektorea suspertzen ari denik». Gainera, %7ko igoera klusterreko hogei enpresen batez bestekoa da, alegia, ez du enpresa guztien egoera islatzen. Iaz klusterreko bi enpresa itxi ziren.

Papergintzako enpresek, kontsumoaren jaitsieraz gain, arazo nagusi bat dute: lehengaien garestitzea. Paper-ore zuriaren prezioa batez beste %40-50 garestitu zen iaz, eta igoera %80ra ere iritsi zen. Historiako prezio garestiena du, Sarrionandiaren esanetan. «Eta guk ezin ditugu gure produktuak hainbeste garestitu», Sarrionandiaren esanetan. Aitortu zuen zenbait enpresak iaz papera paper-orearen prezioan saldu zutela, dirua galduz.

Paper-orea, 'commodity'-a

Hainbat faktorek eragin dute paper-orea garestitzea. Alde batetik, «paper-orea ere commodity-a bihurtu dela», hau da, mundu osorako prezioak ezartzen dira eta paper-orearekin espekulatu egiten dute finantza merkatuetan. Bestetik, iazko Txileko lurrikararen ondorioz hango ekoizpenaren zati bat bertan behera geratu zela. Eskaintza asko jaitsi egin zen eta paper-orearen eskaria handitu zenean, prezioa garestitu zen.

Paperaren Klusterreko enpresek iaz hobekuntza apala izan zuten, esportazioei esker batez ere. Diru sarreren ia erdia Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo lortzen dute. Esportazioak %20 handitu zituzten iaz.

Klusterreko enpresek 1.674 langile dituzte, 2009an baino %16 gutxiago ( bi enpresa itxi dira eta batek klusterra utzi du).

Aurten iazkoari eustea espero dute, ez gehiago. Urteko lehen emaitzak ikusita, «urte konplexua» izango dela uste dute, eta kezkatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.