Komunikazioa

Charo Sadaba : «Gazteak dira espazio mediatiko berriko giltzarri»

Irakasleak esan zuen hedabideen etorkizuna gazteen bizimodura egokitzeko gaitasunaren araberakoa dela

Donostia
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Charo Sadaba Nafarroako Unibertsitateko irakaslearen esanetan, gazteek talde interesgarria osatzen dute hedabideentzat, «eduki askoren kontsumitzaile handienak direlako», baina, bereziki, «euren balio komertzialarengatik».

Gazteak izan zituen hizpide Sadabak ostegunean emandako hitzaldian, Bilbon, III. Nazioarteko Ziberkazetaritza eta Web 2.0 kongresuaren barruan. EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateak antolatutako hitzaldi zikloak espazio mediatikoak bizi duen eraldaketa izan zuen ardatz.

Komunikazioan doktore da Sadaba, eta haren ikerketak gazteen eta IKT Informazio eta Komunikazio Teknologien arteko harremana du oinarri. Azkeneko proiektuaren barnean, Hego Amerikako eta Espainiako 100.000 haur eta gazteri inkesta bat egin die, pantailen inguruan duten iritzia jasotzeko. Gazteek etorkizuneko kontsumitzaile gisa jokatzen duten rola aztertzen du, «espazio mediatiko berriko giltzarri» direlako. «Gazteek ezartzen dituzte joera berriak, eta euren erritmora eraldatzen dira merkatuak».

Sabadaren ustetan, gazteak etorkizuneko kontzumitzaile diren heinean, «ezinbestekoa da hedabideek presentzia izatea gaztaroan barneratzen dituzten ohituretan». Hedabideek iraun nahi badute gazteen bizimoduan txertatzen jakin beharko dutela adierazi zuen unibertsitateko irakasleak. «Egun erabiltzaile eta kontsumitzaile kritikoak dira, berrikuntzen, ideien eta erronken iturri; eta luzera begira, ikus-entzuleria horrekin lortutako konfiantzak ekarriko du hedabideek informazio eta aisialdi eragile garrantzitsuak izaten jarraitzea, edo ez».

'Puntucom' gizartea

Eraldaketa, ordea, ez da bakarrik teknologia edo komunikazio aldetik etorri; gizartea bera berritu da garapenaren bidean. «Belaunaldi berriak zazpi segundoko ikus-entzunezko iragarkien munduan bizi dira; informazioa istant batean jaso, galdu eta berreskuratzen dute; segundo gutxi batzuetan egoten dira adi; ez dira gogoetazaleak baina bai espontaneoagoak; sormena bultzatzen dute lan sakonaren gainetik. Izan ere, euren bizitzak behin-behinekoan mugitzen dira».

Sabadaren esanetan, gazteek irudiekin pentsatzen dute, ez hitzekin. Munduaren ikuspegi aldaketa honetan dago errealitate berriak ulertzeko gakoa, ez dago mugarik, dena da jarioa. «Euren ingurua aldakorra da, etengabe azerelaratuz doa; ez dago usadiorik, ez tradiziorik». Kode kultural eta balio moral berrietan hazi eta hezi dira gazteak.

Komunikazio eremu berriak

IKT eta gazteen arteko kidetasuna azaltzen duten bost ezaugarri daudela dio Sabadak, Izco Montoyaren lanari erreparatuz. Interaktibitatea, gizartekoitasuna, intimitaterako guneean sorrera ahalbidetzea, pertsonalizazioa eta mugarik gabeko informazioa jaso ahal izatea. «Ezaugarri horiek gazteen zenbait beharrizan gogobetetzen dituzte : bata nortasuna izatea; berezi eta ezberdin sentiaraztea; eta bestea, komunikatzea, harremanak izan eta mantentzea». Bestalde, gazteek hedabideak dohakotzat dituztela dio; « ez dutelako Internet ordaintzen eta Internet bidez edukiak jasotzen dituztelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.