Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Frantxua Maitia PSko hautagaia, 4. hautesbarrutia

«Sozialistek hitza ematen dugu hemengo gaiak eramanen ditugula Parisera»

GAIZKA IROZ

Aitor Renteria -

2012ko ekainak 13
Biarno eta Ipar Euskal Herriko eremurik handiena uztartzen dituen laugarren hautesbarrutian lehen postua erdietsi zuen Frantxua Maitia hautagai sozialistak joan den igandean. Hiru mila bozen aldea atera dio Jean Lasalle zentristari, baina horrek UMPko bozen sostengua ukanen du heldu den igandean. Ezkerreko alderdien sostenguaz gain, abertzaleen bozak beharko ditu Maitiak. EH Bairekin bildu dira, baina horrek gaur jakinaraziko du erabakia.

Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan diputatu izateko parada duzue sozialistek. Horretarako, abertzaleen bozak funtsezkoak izanen dira. Boz horiek eskuratuko dituzuela uste duzu?

Hiru hautesbarrutietako egoera biziki ezberdina da, eta barruti bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Alta, erran nezake Euskal Herriari dagozkion gaietan antzeko iritzia dugula hiru hautagaiek, Colette Capdevielle, Sylviane Alaux eta hirurok. Orain artean eskuinak zituen ordezkariak, eta ikusi dugu deus ez dela aldatu Euskal Herrian. Orain, hiru hautesbarrutietan, eskuina kendu eta ezkerra hautatzeko parada dugu. EH Bai ezkerreko alderdia da, eta lehen itzulian hautu abertzalea egin duten bezala, espero dut bigarren itzulian ezkerraren hautua eginen dutela. Sozialistek hitza ematen dugu hemengo gaiak eramanen ditugula Parisera.

Hiru gai nagusi aipatu ditu EH Baik egoera argitzeko, lurralde kolektibitatea edo instituzioa, euskararen ofizialtasuna eta bake prozesua. Adostasunik lortu duzue horien inguruan?

Sozialistek parte hartzen dugu Garapen Kontseiluan eta Hautetsien Kontseiluan egiten ari diren gogoetetan. Bertan egin diren proposamenekin bat egiten dugu. Pentsatzen dugu Iparraldeak tresna berezi bat behar duela, eta eskari hori helaraziko diogu gobernuari, eskaera hori eramanen dugu parlamentura. Eskuinak lurralde antolaketa burutu nahi du, zer egin nahi duen zehaztu gabe. Hollandek lege berri bat egin behar du, eta Iparraldeko sozialistek eragin behar dugu horretan. Garrantzitsua da hirurak pasatzea. Euskararen arloan, Europako hizkuntza gutxituen ituna izenpetuko duela erran du Hollandek, eta, horretarako, konstituzioa aldatu beharko da. Nire iritzian, lege bat ere egin beharko du. Beharbada, ez da ofizialtasunaren aitortza, baina euskararen egoera legeztatuko da. Aitzinamendu handia da.

Bake prozesua, gatazkaren konponbidea eta presoen egoera. Arlo horietan aitzinamenduak egiteko engaiamenduak hartzeko borondatea duzue?

Ezaguna da hiru hautagai sozialistek bake prozesuari begira dugun jarrera. Pentsatzen dugu konponbidea lortzeko elkarrizketa fase bat abian ezarri behar dela. Orain artean ere jarrera hori defendatu dut nik. Baina aldaketak eta legeak gobernuak, parlamentuak egiten ditu, eta horretan eragin nahi badugu, bide hori egin nahi duten diputatuak hautatu behar ditugu. Valls da Barne ministroa, eta ez du guk bezala pentsatzen. Guk ahal dugun engaiamendua hartzen dugu. Euskal Herrian dauden beharrak Parisera eramanen ditugu, eta Parisen entzunaraziko dugu Euskal Herriaren ahotsa. Orain artean egon diren diputatuek ez dute hori egin; beraz, hautesleek baloratu beharko dute zer nahi duten ondoko legealdirako.

Adierazpen hori aski izanen da EH Bai konbentzitzeko?

Euskal Herrian aldaketa historikoa egiteko parada dago orain, eta EH Baik hautatu beharko du zer nahi duen, deus ez aldatzea edo ezkerreko indarrak biltzea. Hau da hautu hori egiteko tenorea. Ezkerreko balioak defenditzen badituzte, gure alde eginen dute edo askatasuna utziko dute haien hautesleek ezkerraren hautua egiteko. Erratea ez dutela ez ezkerraren, ez eskuinaren hautua eginen ez litzateke onargarria, eta gogoan atxikiko genuke. Aukera historikoa dago, eta abertzaleek eta sozialistek bat egin behar dugu igandean, ondoren elkarlanean segitzeko.

Alliot-Marie garaitzea sinbolo indartsua litzateke, baina PSk AHT xedea sostengatzen du kontrako jarrera nagusi den barrutian.

AHTaren aurka dagoela erran du Alliot-Mariek, baina, ondotik, aldeko proposamena bultzatu du eskuineko gobernuak. Ezin zaio konfiantzarik eman. Uste dut herritarrek ulertuko dutela hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: