Mendia. Alvaro Arregi. EMFko presidentea

«Erabakiak errespetatuz bideratuko dugu giroa»

Otsailetik da Euskal Mendizale Federazioko (EMF) burua. Txomin Uriarte ordezkatu zuen, haren aurkako zentsura mozioa aurrera atera ondoren. Bihar du lehenengo batzarra presidentea denetik, Arrasaten.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Otsailean hartu zuen Euskal Mendizale Federazioaren lema, eta biharkoa du presidente karguan lehenengo batzarra Alvaro Arregik (Arrasate, 1945). Lau puntu jorratuko dituzte ohiko eta ezohiko batzarretan: EMFren estatutu berriak onartzea, hauteskunde erregelamenduak proposatu eta onartzea, 2012rako aurrekontuak eztabaidatzea eta iazko kontuak ixtea. Azken urteetan federazioan izandako giro nahasia zertan den jakiteko bide egingo du biharkoak.

Zer espero duzu batzarretik?

Nahiko lasaia izango dela uste dut. Arabako federazioaren batzarra bare-bare joan da, eta asteartean Bizkaikoak egindakoan ohikoak diren eztabaidak lasaitu ziren. Guk aurkeztutakoari helegiteak jarri dizkiote, baina normaltasunaren adierazgarria da hori. Lan handia egin dugu proposamena lantzen, federazioaren eta elkarteen mesedetan betiere, eta aurrera aterako dela uste dut.

Zer asmorekin hartu duzue EMFren zuzendaritza?

Ez dut sakondu nahi nola eta zergatik heldu garen, horren inguruan ahal bezain gutxi hitz egin nahi nuke. Gure ustez, ez ziren errespetatu zuzendaritza batzordean hartutako erabakiak, eta batzarretan ez zen funtzionamendu normalizaturik eman. Gauza asko esan dira gure inguruan; lehiaketen kontra gaudela, esaterako. Baina guk onartuta dauden jarduera guztiak defendatzeko obligazioa daukagu. Orain artekoa, beraz, bere horretan mantenduko dugu. Ezinbestekoa dena zera da: akordioak errespetatzea eta hartzen diren erabakiak aurrera ateratzeko ahalegin guztiak egitea. Ez dago beste bueltarik.

Ezin da ezkutatu giroa nahasia izan dela EMFn azken urteetan; Txomin Uriarte buru zuen zuzendaritzaren kontrako zentsura mozioa tarteko iritsi zarete zuek. Nola bideratu gaiztotutako giro hori?

Giroa bideratzeko bide bakarra dago: erabakitakoa errespetatzea. Elkarte eta federatu guztiei erakutsi behar zaie batzarrean planteatzen eta onartzen dena aurrera eramaten duela federazioak. Ezin gara ibili atzeko atetik komeni dena esaten eta egiten. Federatuengatik eta elkarteengatik lan egingo duen zuzendaritza bermatu behar dugu; ez 30.000 federatu ditugulako «zeinen ederto gabiltzan» esango duena.

Urte baterako agintaldia duzue, gehienez, Olinpiar Jokoen urtea izanik 2012an egin behar dituelako EMFk hauteskundeak. Denbora gutxi duzue lanerako.

Dagoen denborak ematen duenerako ematen du. Denbora gutxi dugula jakin badakigu, eta denbora gehiago galdu gabe ari gara lanean, talde moduan. Ongi bidean, urtea bukatu aurretik egingo ditugu EMFren hauteskundeak, eta horien aurretik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako federazioetakoak. Espero dut urtea bukatzerako izendatuta egotea EMF hurrengo lau urteetan gidatuko duen zuzendaritza batzordea.

Zu zeu izango al zara hautagai?

Jarraikortasuna emateko prest gaude gu. Osatzen dugun taldean inor motxila bizkarrean hartzeko prest badago, nire laguntasun guztia izango du. Nirekoi jokatzea leporatu didate batzuek, baina ez da kontu pertsonala; talde moduan aurkeztu ginen, eta hurrengoan ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako federazioetan adostuko dugu taldea. EMFren eta lurraldeetako federazioen arteko elkarlana eta oreka garrantzitsuak dira.

Zer osasun du euskal mendizaletasunak?

Ezin hobea denik ez dut esango, baina bai osasun oso ona duela. Duela 11 urte 20.000 federatu ginen, eta 30.000 gara gaur egun, eta mendi elkarteak 200 inguru dira. Kopuru aldetik oso ona da egoera, eta mendian, gainera, federatuak eta mendi elkarteetako bazkide ez diren beste asko ibiltzen dira.

Eta lehiaketekin zer gertatuko da? Horien aurka zaudetelako zurrumurrua ozena da.

Eztabaida bat badago gai horren inguruan, baina Gipuzkoako federazioan duela zortzi urte azterketa bat egin genuen, federazio moduan nondik gatozen, non gauden eta norantz jo behar genukeen zehazteko. Ordurako jabetu ginen lehiaketa errealitate bat dela, eta jendeak eskatzen duen neurrian hori defendatu behar dugu. Baina bere neurrian. Konpetizioan ari direnak gutxiengo bat dira, mendira doan jende kopuruarekin alderatuz gero. Guk alor guztiak defendatu behar ditugu, eta oinarrizko mendizaletasuna eta gazteena bultzatu.

Zer bide hartu behar du etorkizunean EMFk?

Hartu dugun bidetik askorik ez dugu aldendu behar. Gauza berriak sortzea ez da federazioaren lana, beti egongo baita aurretik doan jendea. Sortzen diren adierazpen berri horiek entzun, babestu eta lagundu behar ditu federazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.