Literaturako Euskadi sariak

Saria, behe laino artean

Joseba Sarrionandiaren 'Moroak gara behelaino artean?' saiakera mardula saritu dute Literaturako Euskadi sariarekin«Saridunak bere egoera erregularizatu arte», Jaurlaritzak atxiki egingo du sariaren dirua

Joseba Sarrionandia (Iurreta, Bizkaia, 1958). BERRIA.
Irune Berro Urrizelki.
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
«Euskal literaturaren barnean klasiko» bihur daitekeela uste du Euskadi sarien epaimahaiak; «originala da, ate asko zabaltzen ditu, eta kontsultarako ere baliagarria da». Ainhoa Larrañaga buru izan duen taldeak aho batez erabaki du Joseba Sarrionandiaren (Iurreta, Bizkaia, 1958) Moroak gara behelaino artean? obra saritzea, euskarazko saiakeraren atalean. «Diskurtsoen ugaritasuna» nabarmendu dute epaimahaikideek. «Azpimarratzekoa da pentsaera nagusitik kanpoko ikuspegi ezberdinak eskaintzeko ahalegina. Kultura aniztasunaren aldeko aldarria da».

Alabaina, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak iragarri du «atxiki» egingo dituela Literaturako Euskadi sariaren irabazlea izateagatik Sarrionandiari dagozkion 18.000 euroak, «saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean». Jaurlaritzak dio «errespetatzen» duela epaimahaiaren ebazpena, eta ez duela «zalantzan jarri nahi idazlearen literatur balioa». «Dena dela, legea betetzeko, eta terrorismoa irmoki arbuiatzeko daukan konpromisoarekiko koherentziaz, oztopo larriak ditu diruz hornitzen duen saria horrelako pertsona bati eman dakion, hau da, ETA organizazio terroristako kide izateagatik zigortua izan den, kartzelatik ihes egin duen, eta 1985az geroz leku ezezagunean den eta bere militantziaz sekula damurik agertu ez duen pertsona bati».

Pamielak argitaratu zuen iaz Sarrionandiaren lan mardula. Eta Pello Eltzaburu editoreak aurkeztu zuen Euskadi sarietara, «azken urteetan egin den saiakerarik onena» dela iritzita. Horrenbestez, «pozik» hartu du epaimahaiaren erabakia, «obra horren maila berretsi egin duelako». Eta «harriduraz» Jaurlaritzaren erreakzioa, «literaturatik kanpoko arrazoi ilunengatik» atxiki duelako saria.

Eltzabururi zail egiten zaio halakorik konprenitzea. Espainiako Kritikaren Saria eman dioten bi aldietan, esaterako, ez baita ezta antzekorik ere gertatu. 1986an eta 2001ean jaso zuen, Atabala eta euria eta Lagun izoztua lanekin, hurrenez hurren. Azkenekoz jaso zuenean, Jose Maria Aznar zen Espainiako Gobernuko presidentea. Eta inork ez zuen kontrako ahotsik altxatu.

Zazpi urteko lanaren emaitza da Moroak gara behelaino artean? obra, eta 700 orrialde dauzka. Pedro Hilarion Sarrionandia fraide frantziskotarraren (Garai, Bizkaia, 1865-Zornotza, 1914) gorabeherak kontatzen ditu liburuak hasieran, nobela batean bezala. Eta kapitalismoa, kultura eta Euskal Herriaren etorkizuna daude ondoren garatuz doan lanaren gogoetagaien artean.

Epaimahaiaren iritziz, «ondo dokumentatutako, garatutako eta egituratutako lan sendoa da». Halaber, «edizio lan handia» duela arrazoitu du. «Argazkiz eta azalpenez betetako obra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.