Baztandarren ospakizuna

Elizondon elkartuko dira gaur Baztango herritar asko. Ordu erdi aurreratu da orgen desfilea, eta hogeita bat orga aterako diraMerkatuaren gunea eta Laxoaren frontoia izanen dira festaren gune nagusiak

Joan den urteko orgen desfilea. Irudian, Elbeteko orgako lagunak ageri dira. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Baztango herrien arteko adiskidetasuna eta elkartasuna bultzatzen duen festa ospatuko dute gaur baztandarrek. Baztandarren Biltzarrak 48. aldia du gaur, eta egun osoko festa antolatu dute antolatzaileek.

Euskarak batzen gaitu lelopean, Baztango hamabost herrietatik etorritako hainbat lagun zein haranetik kanpoko jendea bilduko da Elizondon, gaur. Urtero errepikatzen den orgen desfileak bilduko du lagun gehien herriko kaleetan. Haraneko herritarrek ateratzen dituzten gurdien gaiak askotarikoak izaten dira oso, eta eguna iritsi arte ez dira jakiten. «Orga bakoitzak landuko duen gaia sekretua da. Gaur jakinen dira denak», dio Amaia Iturralde Baztandarren Biltzarreko antolatzaileetako batek. Desfilea irekitzen eta banderak eramaten Amaiur herriko ordezkariak arituko dira. Aurten Nafarroako konkistaren 500. urteurrena dela eta, haraneko herri hori omenduko dute.

1963an egin zuten lehen Baztandarren Biltzarra, eta bi eguneko festa izan da orduz geroztik ohikoena. Atzo hasi zituzten ospakizunak, baina egun handia gaurkoa izanen da. Merkatuko zelaia eta Laxoa pilotalekua izanen dira festaren erdigune. Hor eginen dira ekitaldi guztiak; hor jarri dute karpa, eta bertan bukatuko da orgen desfilea ere. Azken asteetan, baztandar asko lanetik atera eta orgak prestatzen aritu dira gaurko egunerako.

Orgen txapelketa

Baztango herri guztiek parte hartuko dute lehiaketan. Hogeita bat orga ikusiko dira, kalez kale; Elizondok sei orga aurkeztuko ditu, hainbat kuadrillak eginak, eta zazpigarrena prestatu du Herri Ekimena taldeak. Ibarreko herri bakoitzeko kide banak osatuko du epaimahaia, eta boto gehien jasotzen duen lanak irabaziko du saria. Aurten ordu erdi aurreratu da desfilea, eta 11:00etan ibiliko dira orgak kalean. Orgak ez eze, dantzariak, gaiteroak, txistulariak, trikitilariak eta Iturengo joaldunak ere ibiliko dira desfilean.

14:00etan, mutil dantzak dantzatuko dituzte Elizondoko plazan. Emakumeak festetan duen parte hartzeari buruz eztabaida piztu da azken urteetan Elizondon, eta ikusteko dago gaur dantzatzera neskarik aterako den. Antolatzaileek ez dute sartu nahi sortu den eztabaidan. «Nahi duenak parte har dezala. Ez dugu eztabaidarik nahi», esan du Iturraldek.

Dantzen ondoren, jateko tenorea izanen da. 14:30ean hasiko da herri bazkaria. Merkatuko zelaian izanen da, eta 1.600 lagunentzako tokia jarri dute antolatzaileek. Txartel gehienak salduak dituzte, baina oraindik bada erosteko aukera. Gaur goizean, bazkaria baino lehen txartelak salgai jarriko dituzte Merkatuko zelaian. «Hamasei laguneko mahai bat eta toki bakanen batzuk bakarrik gelditzen dira saltzeko. Bestea hartua dago», adierazi du Iturraldek.

Bazkaria amaitutakoan, 2012ko Baztandarren Biltzarreko komunikatua irakurriko dute. Ondoren, Amaiur herriari omenaldia eginen diote Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren aitzakia baliatuta, eta kartel lehiaketako irabazleari, Aingeru Zabaletari, saria emanen diote. Ernesto Prat presoa ere omenduko dute ekitaldian.

Hori bukatutakoan, orgen txapelketako irabazlea eta bigarren eta hirugarren postuan geratu direnak zein izan diren jakinen da. Sariak ere emanen dizkiete txapeldunari eta beste bi orgetako ordezkariei. Sari banaketa amaitutakoan, Trikidantz taldea ariko da Laxoako pilotalekuan. Arratsalde osoan festa giroak segida izanen du. Trikidantzen lekukoa Laiotz taldeak hartuko du. Pilotalekuko Baztandarren Biltzarraren tabernan bukatuko da festa, Tirry eta Tery DJen emanaldiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.