Udalbiltzarekin bat egin du Trebiñuko alkateak

Trebiñu Burgostik bereizi eta Araban sartzea ahalbidetzeko eskatu dio Udalbiltzak Espainiako Gobernuari

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2013ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Jadanik 176 alkate dira Udalbiltzako partaide. Ignacio Portilla Trebiñuko alkatea izan da Udalbiltza udal eta udal hautetsien biltzarrera atxikitzea erabaki duen azkena. Iaztik da Portilla Trebiñuko alkatea, hautagaitza independente bateko kide gisa.

Portillak Udalbiltzarekin bat egin duela jakinarazteko, agerraldia egin du erakundeak Gasteizen. Udalbiltzak pozez hartu du alkatearen erabakia. Erakundeko lehendakari Mertxe Aizpuruak esan du garrantzi «kualitatiboa» duela «administratiboki Euskal Herrikoa ez den udal bateko alkateak» Udalbiltza aintzat hartzea eta bertako kide egiteak.«Udalbiltzak, horrela, nazio izaera handiagoa hartzen du eta gehiago hedatzen da». Guztira, 1.424 kidek osatzen dute gaur egun udal eta hautetsien erakundea. Gainera, Trebiñuko alkatearen partaidetzak «pluralago» egiten du Udalbiltza, Aizpuruaren ustez. Gogoratu duenez, Udalbiltza Euskal Herri osoko eta«kolore askotako» hautetsiek osatzen dute, eta, egun, horietako%17 hautetsi independenteak dira.

Trebiñuko alkateak, berriz, Udalbiltzan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du: «Euskal Herriko parte da Trebiñu, erabat gaude integratuta mugimendu sozial eta instituzionaletan, eta nik Udalbiltzari atxikimendua eman izana normaltasun agerraldi gisa hartu behar da».

Trebiñuko aferari dagokionez, Burgostik bereizi eta Araban sartzeko abian den prozesua «itzulezina» dela nabarmendu du Portillak. Bidean «oztopo franko» egongo direla jakitun, aurrera egingo dutela ohartarazi du alkateak. Trebiñuarren borondatea argia dela eta konponbidea erakundeen esku dagoela azpimarratu du.

Udalbiltzako lehendakariorde Iratxe Lopez de Aberasturik, berriz, Trebiñuk Arabarekin bat egitea ahalbidetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta argudiatu du eskaera «demokratikoa» dela. Azken 33 urteetan Trebiñuk hirutan eskatu du hori —1980an, 1998an eta aurtengo martxoan—, baina ezezkoa jaso du beti. Udalbiltzako buruak ohartarazi du Espainiako Gobernuak berriro ezezkoa emanez gero eta «estatuko bide administratiboak amaitzen» badira aldarrikapen horren alde dauden eragileek «bestelako neurriak» hartuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.