Al Assad Siriako presidenteari boterea uzteko exijitu diote AEBek eta EBk

Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkio NBEk erregimenari; esku hartzeko eskatu diote nazioarteari

Maialen Igartua -

2011ko abuztuak 19
Bashar al Assad Siriako presidenteak zibilen aurkako operazio militarrak amaitu dituela adierazi du. Oposizioaren arabera, ordea, hainbat hirik setiaturik jarraitzen dute, eta oraindik tiro hotsak entzun daitezke. Erregimena manifestarien eta giza ekintzaileen aurkako sarekadak egiten ari da oraindik. AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Europako Batasuna, ondorioz, irmo mintzatu dira, eta agintea uzteko eskatu diote Al Assadi, ez duelako agindutako erreformak egiteko pausurik eman. Hala, erregimenaren aurkako zigor gehiago ere iragarri dituzte biek; Siriako ekonomian izango dute eragina, batez ere.

«Al Assadek zilegitasun osoa galdu du, eta beharrezkoa da joatea», adierazi du Catherine Ashton EBko Atzerri Politikarako goi ordezkariak; «erregimenak protestetan egiten duen jazarpena onartezina da».

Barack Obama AEBetako presidentea ere irmo agertu da; «Siriako herritarrek haien etorkizuna erabakitzeko garaia heldu da, eta guk haien alboan jarraituko dugu».

NBEren txostena

Gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzi dio NBEk Bashar al Assaden erregimenari. Ia 200 lekuko elkarrizketatu ditu NBEk Siriako errepresioaren inguruko txostena egiteko, eta herrialdetik ihesean joandako zauritu eta torturatuei osasun azterketak egin dizkie. «Giza eskubideak urratu dituzte, zibilei eraso eginez», ondorioztatzen du txostenak.

NBEren ikerketaren arabera, protestetan hildako zibil gehienak tiroz hil dituzte; «aztertu ditugun gorpu gehienek buruan edo bularrean zuten bala, eta horrek erakusten du hiltzeko helburuarekin egiten dutela tiro». Handik ihes egindako hainbat poliziaren arabera, gainera, manifestariei tiro egiteko agindu zuzenak dituzte; «zibilei tiro egiten ez dietenek, beste polizia baten tiroa jasotzen dute atzetik».

Horren aurrean, «esku hartzeko erantzukizuna» duela gogoratu dio NBEk nazioarteari. Hala, Segurtasun Kontseiluari eskatu dio Siriari jazarpenarekin amai dezan eskatzeko, eta kasua Nazioarteko Zigor Auzitegira eramateko aukera azter dezala. NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak, bestalde, astelehenean egingo du bilera Siriako egoera aztertzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna