Kritika. Opera

Antzezpen merituduna

2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Giuseppe Verdiren 'Un giorno di Regno'

Musika zuzendaria: Alberto Zedda. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: urriaren 27a.

Gehiago merezi zuen, publikoaren harrera epela baino, han eta hemen,Giuseppe Verdiren bigarren operak.Izan ere, Un giorno di Regno nahiz eta bere garaiko estreinaldian porrota izan, lan oso interesgarria da, adituentzat behintzat, Verdiren sormen prozesua ezagutu eta lan komikoek izaten dituzten zailtasunei antzemateko. Oso gutxitan antzeztua izan den lana Bilbora ekartzean, OLBEk eta Parmako antzokiak ahalegin handia egin dute gurean, emaitza estetiko ona lortzeaz batera. Esate baterako, eskola oneko Pier Luigi Pizzik opera bufoak behar duen eszena azkar eta beroarekin —kolore horia— asmatu egin zuen. Horretarako, goitik behera eta ezkerretik eskuinera mugitzen ziren bolumen mugikorrak erabili zituen, neoklasizismo eta minimal artean kulunkatzen zirenak. Hala ere, libreto oso arinari jarraituz, denboratik at eta kolore horiaren bitartez berotasun alaia adierazi nahi izan zuen, erraztasuna emanez koru, dantzari eta konpartsen joan-etorriei.

Ez da eskola gutxikoa Alberto Zedda musika zuzendaria ere, Gioachino Rossiniren operetan aditua. Verdiren opera honek dituen Rossiniren eragin nabarmenak aterarazi zizkien, maisutasunez, Nafarroako Orkestra Sinfonikoko musikari eta abeslariei. Haren eskuetan, musikari nafarrak opera estiloan akasgabe eta indartsu sumatu genituen: oberturan, errezitatiboetan, aria-cabalettetan eta kontzertanteetan.

Beste horrenbeste azaldu behar da bakarlariei buruz, hau da, estiloari ondo egokituta zeudela, gehienetan erregulartasuna adieraziz. Guztien gainetik, oso atsegin egin zitzaizkigun Irina Lungu sopranoaren ahots betea, fraseoa, gurguiluak eta agudo garbiak. Halaber, Dalibor Jenis, baritonoak bete egin zuen bere ahots zabalarekin pertsonaiak behar zuen presentzia. Silvia Vazquez soprano arinak ondo abestu zuen. Antonio Siragusa tenor arinak gustu eta musikaltasunarekin haizeratu zuen bere kantaldia. Asko eman zuen arlo komikoan Paolo Dordogna baritonoak, David Soarrek baxu bufoarekin ondo lagunduta. Eta konplitu, ondo konplitu ere, Eduardo Ituartek eta Juan Jose Puentek haien rol laburragoetan. Bukatzeko, parte hartze handia izan zuen Bilbo Opera Abesbatzak eta gustura abestu zuen, behar bada pitintxo bat gehiago egin zutelarik emakumeen ahotsek, gizonezkoenek baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.