Bake elkarrizketak hasi bezperan, Hego Sudango matxinoek Bor hiria hartu dute

Kiir presidentearen eta Machar presidenteorde ohiaren arteko borrokak 1.000 hil eta 180.000 desplazatu eragin ditu

Xabin Makazaga.
2014ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Duela bi aste hasitako borrokei amaiera emateko, atzo eta gaur artean biltzekoak ziren Hego Sudango Gobernuaren eta Riek Machar presidenteorde ohiaren ordezkariak, Addis Abeban. Etiopiako hiriburuan bake elkarrizketak hasi arren, baina, Macharrek ez du onartu su-eten bat ematea, eta Salva Kiir presidentearen aldeko indarren «erretiratze taktiko bat» baliatuta, Bor hiria hartu zuten atzo matxinoek. Abenduaren 19an hartu zuten matxinoek Bor, baina Hego Sudango armadak berreskuratu egin zuen handik bost egunera.

Jonglei estatuko hiriburutik hiru kilometro hegoaldera erretiratu ziren atzo Hego Sudango armadako soldaduak, Malual Chaateko kasernetara, eta Bor matxinoen esku dagoela baieztatu zion hiriko alkate Nhial Majak Nhialek Reuters agentziari, Jubatik. Armadako bozeramaile Philip Aguerrek, dena den, informazio hori gezurtatu eta hirian borrokek jarraitzen dutela esan zuen atzo. Bor ekialdeko auzoak behintzat matxinoen esku daudela baieztatu zioten lekukoek Efe agentziari.

Iragan abenduaren 15ean Kiir presidenteorde ohiari leial zaizkion soldaduek Hego Sudango armadarekin Juban izandako liskar baten ondorioz, nuer eta dinka etnien arteko liskarrak piztu dira herrialdeko hamar estatuetatik seitan. Borrokek mila hildako baino gehiago eragin dituzte, eta 180.000 desplazatu, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak herenegun jakinarazi zuenez.

Inguruko herrialdeen presioei esker, Etiopian bake elkarrizketak hastea onartu zuten Kiirrek eta Macharrek, baina matxinoek ez zuten onartu su-eten bat ematea, eta etenik gabeko borrokek bake elkarrizketak ere arriskuan jarri dituztela adierazi dute Etiopiako bitartekariek.

Gobernuak Macharri egotzi dio «oldarraldi tribal bat, ez politikoa» ari dela gauzatzen, presidenteorde ohiak halakorik ukatu arren. Eta borrokek Nilo Garaiko petrolio putzuen ekoizpenari ez diotela kalterik egin adierazi du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.