Argindarra %3 garestituko da urtarrilaren 1ean Hego Euskal Herrian

Hurrengo urtean neurrigabe kontsumitzen duenak gehiago ordaindu beharko du

Maite Alustiza.
2012ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Urte hasiera argindarraren prezioaren igoerarekin helduko da. Urtarrilaren 1ean %3 igoko da tarifa arautua duten hego euskal herritarrentzat, hau da, hamar familiatik zortzirentzat. Dena den, espero baino apur bat gutxiago garestituko da, %4ko igoera espero baitzen. Prezioari ez ezik, kontsumoari ere adi begiratu beharko diote erabiltzaileek hurrengo urtean: argia neurrigabe kontsumitzeagatik gehiago ordaindu beharko da. Ipar Euskal Herriko kontsumitzaileentzat ere garestiagoa izango da faktura urtarrilaren 1etik aurrera: %2,5 igoko da prezioa.

Atzo egin zuten Espainian argindar ekoizleek eta merkaturatzaileek tarifa arautua finkatzeko enkantea, eta horretan, kostuak %6,9 igo zituzten. Enkante horrek tarifaren erdia erabakitzen du gutxi gorabehera; gainerakoa, berriz, Espainiako Gobernuak. Azken horrek, ordea, berari dagokion zatia izoztea erabaki du, urrian egin zuen moduan. Hiru hilean behin egiten ditu berrikuspenak eta gobernuari sistemak eragiten dituen kostuak zehaztea dagokio: garraioa, banaketa, berriztagarriei ematen zaizkien laguntzak... Jose Manuel Soria Industria ministroak aste honetan behin baino gehiagotan ziurtatu du azken prezioa soilik enkantearen menpe egongo zela.

Hamar kilowatt edo gutxiago kontratatuta dauzkaten familiek eta enpresa txikiek dute Espainian tarifa arautuari heltzeko aukera; gobernuaren arabera, 17 milioik baliatzen dute aukera. Horientzat aurten birritan igo da argindarraren prezioa: %4 apirilean eta %7 uztailean. Urrian argindarra %2,29 merkatu zen arren, fakturan ez zen onerako nabaritu; besteak beste, iraileko BEZaren igoeragatik —%18tik %21era—.

Tarifa defizitarekin amaitzeko ahaleginetan, hainbat neurri bultzatu ditu aurten PPren gobernuak; horien artean, Kongresuak ostegunean onartutako Energiaren Iraunkortasunerako Zerga Neurrien Legea dago. Kontsumoaren araberako eskala bat ezartzearena ere defizita gutxitzeko beste neurrietako bat izango da. Industria Ministerioak ziurtatu du batez besteko kontsumoa %10 gainditzen duen erabiltzaileari zigorra ezarriko zaiola. Soria ministroak esandakoaren arabera, argindarraren faktura %1 eta %8 artean garestitu daiteke.

CNEEspainiako Energia Batzordeak gogor kritikatu du neurri hori indarrean jartzeko erabakia, hainbat hutsune dituela argudiatuta. Zalantzan jarri du neurriarekin diru gehiago bilduko denik —280 milioi euro espero ditu gobernuak—, eta dirutik haratago, kontsumitzaileen kexak nabarmen areagotu egingo direla uste du. Enpresen kalterako ere izan daitekeela iritzi dio, fakturak egiteko informatika zerbitzuak egokitu egin beharko baitituzte.

Helburua, defizitik ez

Halako neurriak hartuta, 2013rako defizitik ez izatea jarri du Espainiak helburutzat. Aurten, ordea, onartuta dagoen gehienezko muga bikoiztu egingo du: 1.500 milioi euroko defizita da gehienezkoa, eta 2012a 3.452 milioikoarekin bukatzea espero du. CNEren arabera, urteko lehen hamar hilabeteetan 4.000 milioiren defizita izatera heldu da, eta hala jarraituz gero, sektoreak urte osorako aurreikusi duen defizitera iritsiko da, hau da, 4.700 milioira. Herrialde batek tarifa defizita izaten du sistema elektrikoaren diru sarrerak ez direnean kostuak estaltzeko beste —garraio eta banaketaren kostuak daude tartean—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.