Sanchez Ceren gerrillari ohiaren garaipena berretsi dute El Salvadorren

FMLNko presidentegaia ez dute ofizialki irabazletzat joko Arena alderdiaren helegiteari erantzun bat eman arte

Erredakzioa -

2014ko martxoak 14
Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteak (FMLN) agintean jarraituko du El Salvadorren. Presidentetza bozetako 10.445 hauteskunde agiriak berriro aztertu ostean, izan ere, Salvador Sanchez Cerenen garaipena berretsi du Hauteskunde Auzitegi Gorenak, eta gerrillako komandante ohiak Mauricio Funesen lekua hartuko du estatu buru gisa.

Hasierako kontaketa apenas aldatu duen agirien berrikusketak: botoen %50,11 eman dizkiote Sanchez Cereni, eta %49,89 Arena alderdi eskuindarreko Norman Quijanori. Lehen bezalaxe. Bien arteko boto aldea 6.634tik 6.364ra gutxitu du bigarren kontaketak.

Arenak ez du emaitza onartu, eta helegitea aurkeztu du Hauteskunde Auzitegi Gorenaren erabakiaren kontra, uko egin diolako boto guztiak berriro banan-banan kontatzeari. Helegite horri erantzun bat eman arte, ofizialki irabazlerik ez izendatzea erabaki dute El Salvadorren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna