Zelai Nikolas. Gure Esku Dago-ren sustatzailea

«Elkarlanean aritzeko gai garela erakutsi nahi dugu»

Erabakitzeko eskubidea proiektu politiko guztiak gauzatzeko «tresna» dela dio, eta «akordioak» eta «elkarguneak» behar direla abiapuntuan.

BERRIA.
2013ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Gure Esku Dago mugimenduaren sustatzaile Zelai Nikolasek irakurleen galderei erantzun die www.berria.info webgunean.

Nolatan izan dezake Euskal Herriak erabakitzeko ahalmena, independentzia lortu gabe? Iñaki

Erabakitzeko eskubidea tresna bat da Euskal Herriko proiektu politiko guztiak, independentzia barne, politikoki berdintasunez defendatu eta gauzatu ahal izateko. Horrez gain, argibidea ematen du estatus politikoen aldaketak demokratikoki nola burutu behar diren.

Iruñea jarri duzue giza katearen helmuga, baina ez duzu uste lehenik nafarrei galdetu beharko litzaiekeela ea Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin erabaki nahi duten? Patxi Gargantua.

Erabakitzeko eskubidea eskubide inklusibo gisa ikusten dugu, euskal herritarron arteko elkargune bezala, eta uste dugu Euskal Herri osoan badirela pertsonak Euskal Herriaren etorkizunaz galdekatuak izatea nahi dutenak. Erabakitzeko eskubidea erabili nahi ez duenak ez du zertan parte hartu, baina Euskal Herri osora zabalduta aukera ematen diegu ekimenean parte hartu nahi dutenei parte hartzeko.

Zer hobetu daiteke Kataluniako Diadatik? Errafa.

Kataluniako Diada oso arrakastatsua izan zen, eta bikain antolatu zen; beraz, apaltasunez begiratzea dagokigu. Bertatik ikasitakoa aplikatzen lortuko bagenu, pozik. Gu ere ondo ari gara, eta herrietan eta sektoreetan ilusioa pizten ari da, aspaldiko partez. Herritarren arteko oso elkarlan polita sortzen ari da ekimenaren inguruan. Beraz, gure txikitasunetik bada ere, gure giza katea arrakastatsua izan dadin tinko eta gogor lan egingo dugu.

Zergatik pentsatu behar dut independente orain baino hobeto biziko naizela? Natxo.

Erabakitzeko eskubidea ez da independentzia. Erabakitzeko eskubidea tresna bat da gizarte baten antolaketarako proiektu desberdinak daudenean, horien arteko kudeaketa demokratikoa eta arrazionala lortzeko. Modu bat da independentziaren alde daudenek bere egitasmoa azaldu eta defenda dezaten eta estatuarekin beste harreman mota bat izatea defendatzen dutenek ere bereari ekin eta defenda ahal dezaten. Dena dela, Kataluniari eta Eskoziari begiratuta ateratzen den ondorio bat da nortasun nahikoa duen herri batek bere burua gobernatzeko gaitasuna erakusten duenean, nahiago izaten duela bere interesak berak gobernatzea mendetasunik gabe.

Kataluniako ereduari jarraitu behar liokete Euskal Herriko politikariek? Akordioa bilatu eta galdeketara deitu? Arrate.

Edozein prozesu demokratikotan eta, are gehiago, burujabetza prozesuetan lortutako akordioak dira prozesuaren oinarri. Adostasunak sekulako indarra du, prozesua sendotu eta bere abiada neurtzen baitute. Beraz, bai. Katalunian erakusten ari diren adostasun jarrera hori —oraingoz erabakitzeko eskubidearen ingurukoa dena, baina independentziaren aukerari naturaltasunez bidea zabalduz— Euskal Herrira ekarriko bagenu, euskal herritarron arteko bizikidetza sendotzeaz gain, Euskal Herriaren etorkizuna gure esku egotea lortuko genuke.

Demagun baldintza guztiak daudela bi urte barru EAEn erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Zelan egingo genuke? Nafarroan eta Iparraldean baldintzak egon arte itxaron? Edo EAEn erabakitzen dena gauzatu? Igotz.

Bidea urratsez urrats egin behar da. Gure Esku Dago herritarren ekimena da, eta guk gaia mahai gainean jarri nahi dugu. Herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarrok erabakiko dugula; eta hiru ideia nagusi horien inguruan euskal herritarrok elkarlanean jarduten dakigula erakutsi nahi dugu. Baina prozesuaren diseinua eta kudeaketa alderdi politikoei dagokie. Guk esan nahi diegu Euskal Herri bat dagoela eta bere egituratzearen inguruan herritarrok erabaki nahi dugula. Haiei dagokie zehaztea, ordea, erabakitzeko eskubidearen inguruko bidea eta prozedurak.

Katalanek Cap a la Indendencia leloa erabili zuten giza katean. Zergatik ez dugu guk independentzia aldarrikatuko? Iker.

Independentzia Euskal Herria egituratzeko proposamen bat da, baina badira beste batzuk (harreman federala, autonomia garatzea...). Guk uste dugu aukera horiei guztiei bidea eman behar zaiela, tranpak egin gabe, horien guztien eztabaida demokratikoa ahalbidetuz. Katalunian ere, erabakitzeko eskubidetik abiatu ziren, eta horren inguruko gehiengo itzel bat bildu ondoren eta estatuaren jarrera itxia egiaztatuta ekin zioten independentziaren leloari —oraindik ez bideari, ordea—. Kontsultaren galdera jartzean ere lehenetsi dute kontsulta erabakitzeko eskubidearen ariketa izatea, lehenengo galderan federalistak sartzearen alde egin baitute. Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea euskal herritarron arteko elkargune bat dela uste dugu, eta elkargunetik abiatuta hasi behar dugu bidea egiten.

100.000 euro jasoko dituzue Gipuzkoako Aldundiaren aurrekontuetatik —Bilduk eta EAJk hitzartuta—. Esan ohi duzue ez duzuela loturarik alderdiekin (eta instituzioekin). Zertara dator laguntza hori? Egokia iruditzen zaizue diru hori hartzea? Eta PPk Arabako Diputazioan beste talde bati dirua emango balio aurkakoa aldarrikatzeagatik, ondo ikusiko zenukete? Inazio Bengoa.

Gu oso pozik gaude diru laguntza hori gure erakundeetatik jasotzeagatik, eta oso eskertuak gaude, gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde horiekin eta Batzar Nagusiekin oro har. Talde horiek gure ordezkari demokratikoak dira, eta adostasunez erabaki dute ekimen demokratiko honi laguntzea; beraz, ez dugu arazorik ikusten. Erakunde publikoek askotan laguntzen dituzte eskubideen inguruko gogoetak eta ekimenak (sinposium federalistak, europarzaleak, estatutuaren edo konstituzioaren aldekoak...). Zergatik ez, beraz, demokraziari horren lotuta dagoen erabakitzeko eskubidearen ingurukoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.