Kritika. Zinema

Asier, Amaia, Aitor eta denok

Gontzal Agote.
2014ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
'Asier ETA biok'

Zuzendariak: Aitor eta Amaia Merino. Aktoreak: Aitor Merino eta Asier Aranguren. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 94 minutu.

Ezinbestean amaieratik hasi beharko. Madrilgo lagunen eta Asierren arteko topaketa ludiko-festiboa proposatu du Aitor Merinok bere bidaiaren amaieran. Baina Asierrek oraingoz ezinen du afaldu Aitorren Madrilgo lagunekin, Iruñeko aurrestreinaldian egoterik ezin izan zuen moduan.

Asier ETA biok-ek garai berrietako lehen filma izan beharko zuen, eta, zoritxarrez, garai zaharretako azkena izatea egokitu zaio. Alta, horrek ez dio filmari baliorik kentzen, kontrakoa baizik: are beharrezkoago egiten du. Izanen da begiratu nahiko ez duenik, jakina. Izanen da erantzun gotorren ustezko ziurtasunean bizitzen segitu nahiko duenik.

Txikitik handira egin dute Amaia eta Aitor Merinok beren film xumearekin. Umiltasunez korapilo handiari erreparatu. Dokumentala dela esatea akaso deus gutxi esatea da; kronika pertsonaletik eta biluzte afektibo-etikotik asko duen ariketa samurra da, aldi berean mingarria eta baltsamikoa izaten ahal dena.

Hainbatetan konplizitatez eta beste batzuetan harriduraz begiratuko die Merinok Euskal Herrian gertatzen diren gauza askori; baita bere lagunaren iritzi eta portaerei ere.

Elkarren arteko konfiantza da proiektu arriskutsuaren bermea. Hortik abiatuta, bi protagonistek badakite zaila dela huts egitea. Eskertzekoa, tunel atariko ilunetik pauso bat eman eta esan izana: hau da guk bizi izan duguna, hau da geure istorio txikia.

Baina istoriotxoa, akaso gertutasunagatik edo auskalo zergatik, ez da soilik haiena; askoz ere gehiagorena da. Norberak aukera du beretik, bizipenetik, ñabarduretatik eta memoriatik iraganari begiratzeko. Baita lanbrotuta ageri den etorkizunari ere.

Adiskidetasunaren atzera begirakoa egitean, belaunaldi eta garai baten erretratu subjektiboa egiten ari dira zuzendariak, eta bide horretan galderak utziko dituzte etengabe. Ohituak gaude segurtasun irmoekin finkatzen gure iragan hurbil zein urrunaren arrastoa; badaezpada ere, beste inork ez dezan gurea beste era batera kontatu.

Ez da kasua. Bizipen pertsonaletik, helmuga garbirik ez duen bidaia bat hasiko dute bi protagonistek, ausardiaz eta zintzotasunez. Eta eskertzekoa den ironia harrigarriarekin gidatuko dute kontaera. Azkenean, Madrilgo lagunentzat zena denontzako oparia bihurtuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.