'Herriko tabernen auzia'. Epaiketa Madrilen. Imanol Barrenetxea eta Agustin Alberro. Girizia eta Irunberri elkarteetako kideak

«Gauzak ondo aterata ere, zigorra jarria dago maila pertsonal eta ekonomikoan»

Hamaika urte hauetan ere, ahal izan duten bezala, baina aurrera egin dute Oiartzungo eta Andoaingo elkarteek. Uste dute «herriaren aurka» egin dutela auzia: «Erantzun global eta kolektiboa behar du».
BERRIA

Hodei Iruretagoiena - Berriemaile berezia

2013ko urriak 18
Poliziek Auzitegi Nazionalera sartzeko agindu zain zeudela hartu dute BERRIA Imanol Barrenetxea Girizia elkarteko kideak eta Agustin Alberro Andoaingo Irunberri elkartekoak.

110 taberna eta elkartetako ordezkariak deitu zaituztete epaiketara, baina ez inputatu moduan. Zehazki, zein da zuen egoera?

IMANOL BARRENETXEA. Gu ez gaude pertsonalki inputatuak, kultur edo kirol elkarte modura izan gara deituak. Inputazioa badirudi mahai nazionalari egin zaiola, garai batean egiten zitzaion akusazio berdinarekin: laguntzea, finantzatzea. Betiko leloa.

Eta zer parte duzue hor zuek?

I.B. Badirudi haiek bilerak egiteko erabiltzea, ezker abertzaleari diruz lagundu izana. Ez dakit nondik, gure elkartetik, behintzat, laguntza handirik ezin diogu eman. Gastuak ordaintzeko ere ez dugu ateratzen. Sarri, mantentze eta garbitze lanak geuk egin behar izaten ditugu, bazkideen artean.

AGUSTIN ALBERRO. Gure kasuan, ez hori bakarrik, kreditu bat ere badugu. Ordaintzeko urte dezente falta zaizkigu oraindik, eta oso justu ibiltzen gara.

Epaiketak zein ondorio ekar ditzake zuen taberna eta elkarteentzat?

A.A. Oraingoz, enbargatuak daude. Errudun joz gero, itxiera.

I.B. Gerra denboran egiten zuten moduan, bahitu. Azken finean, erabakiak izan daitezke okerrenak, horrek esan nahi duen guztiarekin. Gure elkartearen lana da kultur eta kirol alorrekoa: bertsolaritza, mendia, sokatira, txirrindularitza… Kolpe handia izango litzateke herrigintzarako.

Auzia duela 11 urte hasi zen. Zuen kasuan, nolako izan da prozesua?

A.A. Inputaziotik aurrera, Garzonek esaten zuen ezin genuela inongo mugimendurik egin. Erregistrora joan, eta ikusi genuen ezin genuela saldu, ezin genuela ezer ukitu. Beste fase batean, egin zuten inbentarioa bat. Hortik aurrera, mantendu gara ahal bezala, jendearen laguntzarekin, Jaietan, adibidez, dena ikuskizun hutsera bideratzen zela ikusten genuen, eta saiatu behar genuela parte hartzea bultzatzen. Ateak ireki ditugu hori guztia bultzatzeko. Hau itxaroten ari ginen; ea zer gertatzen den orain.

Beraz, dezente baldintzatu du prozedurak zuen jarduna?

A.A. Ekonomikoki, bere garaian, dirua jarri genuen hori sortzeko. Orain dena zintzilik dago, eta horrek baldintzatzen du. Jende berria sartu nahi baduzu, esaten dute: «Zer gertatuko da elkarte honekin?». Hori oztopo bat da. Dena nahastu nahi izan dute. Hemen Segiko auzian dagoen andoaindar baten bila joan zirenean, sartu ziren elkartera, eta dena txikitu zuten, diruak eraman zituzten. Denaren gainetik pasatu ziren.

I.B. Gure kasuan, ekintzetan, ez du eragin handirik izan. Kontu korronte bat blokeatu ziguten. Gu baino okerragoak asko egon dira, itxiak. Baina kontua ez da hori bakarrik, hor dago pertsonengan duen eragina ere. Familia pila bat daude hemen, eta hori zigor ikaragarria da. Hona etortzea bera. Gauzak ondo aterata ere, zigorra jarria dago maila pertsonal eta ekonomikoan.

Zein izan da zuen elkarteen ibilbidea? Noiz sortu ziren? Nola?

I.B. Gurea, hain zuzen, auzolanean irekitako elkarte bat izan zen, duela 31 urte. Herrigintzan lan mordoa egin dugu, herritar guzitientzat: emakume, gazte, zahar, kirol elkarte, kultur elkarte… Gure kasuan, ez du, gainera, herriko taberna bezala funtzionatu, kultur elkarte bezala baizik. Hor dinamika handi bat egon da. Atzean dagoen helburua hori da: ekintza horiek gelditzea, jendea beldurtzea, ez mugitzea, eta herrian ekintzarik ez egitea. Hori da gure delitua, herrigintzan aritzea. Zer ekarriko lukeen hainbeste urteren ondoren ixteak? Kalte izugarria, eta hori badakite. Ez dago beste konnotaziorik; testuinguru politiko baten ondorioa da. Biktima batzuk baino ez gara.

A.A. Herrian elkarte pila bat zeuden, baina, beste hainbat gauzaren artean, bazkideak gizonezkoak bakarrik ziren gehienetan. Hautsi nahi genuen eskema hori, emakumeak eskubide berdinekin sartzeko, eta jende gazteari ere aukera emateko. Parte hartzea bultzatu nahi genuen, esaterako, jaietan. Parte hartu, eta jendea mugitu. Eta hori ezin dute onartu, ez zaie gustatzen. Jende pasiboa nahi dute, isiltzen dena. Guk ez, guk nahi dugu jende bat irekia, bizitzen duena herria, eta hori ez zaie gustatzen.

Helburu politikoa du, beraz?

I.B. Bai. Aitzakia horren babesean, dena justifikatzen dute. Ezin duzu euskara defendatu, ez euskal kultura. Dena sartzen da zaku berean. Egoera hau salatu, eta ahalik eta herritar gehienengana zabaltzea lortu behar dugu. Jendeak jakin dezala jartzen dizkiguten mamu horien atzean, ez dagoela horrelakorik. Edozer gauzaren inguruan lan egitea, dena delitutzat hartzen dute. Horri erantzun behar diogu ahalik eta eremu zabalenean. Erasoa ez da elkarteen aurkakoa, herriari egiten zaiona da. Herri gisa, erantzun global eta kolektiboa behar du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna