Waltary eta Arizmendi binakako finalerako sailkatu dira (40-28)

Bikote lan sendoari esker irabazi diete Sorhuet eta Doucassuri, eta gaur zortzi ariko dira txapela lortzeko lehian

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Waltary Agusti eta Thierry Arizmendi binakako txapelketako finalerako sailkatu ziren atzo, Senperen, Sebastian Sorhueti eta Batite Ducassouri 40-28 irabazita. Irabazleek bikote joko sendoa egin zuten, eta gehiago izan ziren ia partida osoan. Gaur zortzi jokatuko dute finala, Baionako Moderne trinketean, Olivier Larretxea eta Ximun Lanberten aurka.

Txapela irabazteko bi faborito nagusien arteko partida izan zen atzokoa. Askorentzat, final aurreratua. Sailkatze ligaxkan ere elkarren aurka jokatu zuten, eta ordukoan Sorhuetek eta Ducassouk 40-18 irabazi zuten, Waltary eskua minduta zeukala jokatzera behartu zutelako —ordezkapenik ezin da egin eta jokatu izan ez balu bikotea kanporatu egingo zuketen—. Senperen, baina, gauzak oso desberdinak izan ziren. Kubatarra ondo zegoen, eta Arizmendirekin elkarlanean 11-18 irabazten hasi ziren.

Ducassou ondo ari da jokatzen, eta partidaren erdi aldera erakutsi zuen bere ahala. Tanto batzuetan, bizkarra erakutsi zion Arizmendiri, eta galtzaileek tartea murriztu zuten (23-19), Gantxikiko zaleen itxaropenerako. Susperraldiak, baina, ez zuen aurrera egin, Waltaryk eta Arizmendik berriz ere tartea ireki zutelako. Partida luzatu ahala, gainera, alde hori handituz joan zen, eta bukaerako hamabi tantoak izan ziren abantailarik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.