Berasalu II.a-Albisu 20. Xala-Barriola 22

Badute zeini afari bat ordaindu

Galdu arren, Berasaluze eta Albisu finalerdietako ligaxkan sartu dira Iruñeko partidako emaitzari esker

Berasaluze II.a frontisaren aurka maldizioka, atzoko partidan huts bat egin ondoren. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Iraupena. 74.08.

Pilotakadak. 515.

Saketik. Berasaluzek bi eta Xalak hiru.

Markagailua. 0-2, 1-2, 1-4, 2-5, 2-5, 3-5, 3-6, 6-6, 8-6, 8-8, 8-117- 9-17, 10-17, 11-18, 18-18, 18-19, 19-19, 20-19, 20-20 eta 20-22.

Bestelakoak. 1.500 ikusle Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Apustuak doblean irten ziren Berasaluze II.a eta Albisuren alde.

Esker oneko SMS edo dei bat ez da aski. Zerbait gehiago izan behar da, preziatua. Berasaluze II.ak eta Albisuk poltsikoa pixka bat astindu eta afaltzera gonbidatu beharko lituzkete Bengoetxea VI.a eta Beroiz. Eta ez nolanahiko jatetxe batean, dotore eta garesti horietako batean, eurei esker sailkatu baitziren finalerdietako ligaxkarako. Eta nola diren gauzak, heldu den astean, larunbatean segur asko, elkarren aurka jokatuko dute lehen jardunaldian. Ordurako oparitxoa bidaltzea komeni, deus ere zorretan ez izateko. Beste partida Olaizola II.a-Zabalak eta Irujo-Zabaletak jokatuko dute, Gasteizen.

Berasaluze II.ak—kirol deitura berria atzo estreinatu zuen, bere aita zenaren omenez— eta Albisuk partida kaskarra jokatu zuten. Atzelariak bereziki, bederatzi huts egin zituen, asko garbi astintzeko moduko pilotetan. Partidaren ondoren onartu zuen presioa sumatu zuela. Duela bi urte antzeko zerbait pasa zitzaion ligaxkako azken partidan. Berasaluze ere gaizki hasi zen. Ez zen batere fin ibili errematean, presaka jokatuz kidearen egun txarra estali nahiko balu bezala. Parean, aldiz, Xalak hasiera bikaina egin zuen, eta Barriolak segur asko txapelketako partidarik onena.

Lehen tantoetan oreka egon zen (8-8), baina Xalak sakearekin asmatu eta tartea irekitzen hasi zen. Albisuren urduritasunak lagundu egin zion eta urdinek abantaila lortu zuten (8-16). Une horretan bi partidek emaitza berdina zuten. Berasaluze II.ak aldageletako bidea hartu zuen, eta luze egon zen han. Asegarceko bikoteak beste partidako emaitzaren berri ez esateko agindua eman zion enpresari, baina kantxara itzuli eta minutu gutxira ikusleek jakinarazi zieten Bengoetxea eta Beroizi esker sailkatuak zeudela.

Partida goitik behera aldatu zuen. Patxadak Albisu itxuraldatu zuen eta Berasaluze errematatzen ausartu zen. 13 tanto lortu zituen guztira eta behetik gorako bidea hasi zuten. Nolakoa gainera, aurretik jartzera iritsi baitziren (20-19). Irabaziko zutela zirudien, baina Barriola berriz ere agintzen hasi zen, eta Xalak ez zuen barkatu. Azken tantoa Berasaluzeren hutsa izan zen, eta hala ere goxo besarkatu zuen Albisu. Porrotik gozoena izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.