Untoria 22. Elezkano II.a 15

19 urte geroago, Errioxara berriz

14-1 irabazten hasi ondoren, Untoriak trebe kudeatu du aldea, eta merezita jantzi du 2. Mailako txapela

Alvaro Untoria oihu egiten eta garaipena ospatzen, atzoko partidako azken tantoaren ondoren. J. MANTEROLA / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Iraupena. 55.03.

Pilotakadak. 215.

Saketik. Untoriak lau eta falta bat; Elezkano II.ak 3.

Markagailua. 2-0, 2-1, 14-1, 14-5, 17-5, 17-12, 20-12, 20-15 eta 22-15.

Bestelakoak. 750 ikusle Iruñeko Labrit pilotalekuan; goiko bi harmailak bete egin ziren arren, kantxan jende gutxi zegoen. Zaratamo ingurutik hiru autobus zale joan ziren Elezkano animatzera. Apustuak 100-80ri irten ziren Untoriaren alde.

19 urte ziren errioxar batek ez zuela buruz buruko txapelik irabazten kantxa osoan. Santi Huercanos izan zen azkena, 1994an Bigarren Mailakoa jantzi zuenean. Ia bi hamarkadatako lehortea, Tomas Minguezek, 1998an, eta Miguel Merinok, 2011n, Bigarren Mailako finalak galdu zituztelako. Atzokoan, baina, Alvaro Untoria faborito zen, eta Naiarako atzelariak itxura sendoa emanez irabazita hautsi zuen bere lurraldeko bolada txarra. Merezita irabazi zuen 2. Mailako buruz buruko txapela, hasieran lorturiko 14-1eko aldea ondo kudeatzen jakin zuelako. Heldu den urtean Lehen Mailakoan parte hartuko du.

Hasiera ez zen kasualitatea izan, Untoriak berak esan zuen. «Gogor hasi beharra neukala banekien, Elezkanok partidetan goraka egiten du eta ez du amore ematen». Eta bart gauean amesturiko partida hasiera egin zuen. 14-1 aurreratu zen, sakearekin min asko egiten eta piloteoan aginduz. Aurkaria baino hiru urte zaharragoa zen, gorputzez zailduagoa —22 urte—, eta pilotakada onak jo zituen. Badu buruz burukorako sena, ondo kokatzen da eta gauza politak egiten ditu ezkerrez. Dena den, pixka bat urrun du oraindik Lehen Mailako oilarrak estu hartzea.

Elezkano, aldiz, oso gaizki hasi zen. Hogeita bi pilotakadako lehen tanto gogor baten ondoren ez zuen ezer egiten asmatu, eta aurkari urruntzen ari zela ikusita, urduritu egin zen. Aurrelariak 19 urte ditu, onerako eta txarrerako, eta hasierako kirioak lotsagabekeria bihurtu zituen gero. Dena galduta zuela ikusita, arriskatzen hasi zen. Aire jokoa bilatu zuen, eta behe behetik sakatuz min egin zion Untoriari. Elezkano sufritzailea da, eta partida oso aldapa gora egon arren, ez zuen amore eman. Asko gerturatu zen (17-12), aurkaria izutu, eta goiko harmaila inbaditu zuten Zaratamo inguruko ia 200 zaleak zoratzeraino.

Elezkanok, zorterik ez

Arriskuak, baina, alde txarra era badu, eta Elezkanok hobeto jokatzen ari zenean ikusi zuen. Aukerako bi pilota izan zituen jarraian, bi bolea, ezkerrez lehena eta eskuinez bigarrena, eta biak txapara joan ziren (19-12). Alde handia dago 17-14koa eta 19-12koaren artean. Untoriak lasai hartu zuen arnas eta aurkariaren beste huts bati esker 20-12 aurreratu zen. Orduan iritsi zen partidako eztabaida, epaileak buelta eman zuelako Elezkanoren paretan jotako dejada baten ondoren. Ez zuen asmatu, Elezkano geldi baitzegoen, geldi egotearen keinua exageratzeraino, eta Untoria izan zen haren gorputzaren bila joan zena.

Gazteak sakea berreskuratu eta kale edo bale jokatuz tartea berriz murriztu zuen (20-15). Itxaropena bazuen, zorigaiztoko zalantza bat izan zuen arte. Sake-erresto baten ondoren duda-mudan egon zen airez edo botera sartu; eta ez bata, ez bestea, hutsa egin zuen. Untoriaren azken bost tantoetatik lau Elezkanoren hutsak izan ziren —guztira bederatzi—. Atzetik joatearen zama zen. Untoriak sakea baliatu eta atzean egin zuen azken tantoa. Elezkano pixka bat koskortu eta gorputza zailtzen zaionean, gustura ikusteko moduko errebantxa izango da.

Bestalde, jaialdi berean jokaturiko Nafarroako lau t'erdiko txapelketako partidan Arretxe II.ak 22-18 irabazi zion Idoateri. Gaur, Zarautzen (17:00), Retegik eta Jaunarenak txapelketa bereko partida jokatuko dute, eta Bengoetxea VI.ak eta Urrutikoetxeak Lehen Mailako manomanistako 3. eta 4. postuak erabakitzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.