Bilbo Basket 83. Joventut 90

Laino bat egunsenti berrian

Lan ona egin arren, Bilbo Basketek azken laurdenean galdu du Arrindaren aroaren osteko lehen partida

Mumbru Bilbo Basketekoa eta Vives Joventutekoa, baloia hartzeko lehian, atzoko partidan. M.R. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Bilbo Basket. Grimau (18), Bertans (7), Mumbru (14), Markota (16) eta Gabriel (19) -hasierako bostekoa-; Alberto Diaz, Pilepic (7), Hervelle (2), Samb eta Vrkic.

FIATC Joventut. Vives (15), Joseph (13), Kirksay (13), Shurna (10) eta Savane (13) -hasierako bostekoa-; Cochran (11), Ventura (5), Barrera, Llovet (6) eta Miralles (4).

Markagailua. 25-23, 45-43; 35-60 eta 83-90.

Epaileak. Perez, Guirao eta Fernandez. Mumbru kanporatu zuten

Bestelakoak. 7.532 ikusle Bilbo Arenan.

Atzo partida egon zen Bizkaia Arenan. Azken asteko zalaparta, asanblada eta erdi isilpeko albisteen artean ezkutuan pasa bada ere, atzo Joventut hartu zuen Bilbo Basketek. Eta galdu egin zuen, baina jokalariak, beste behin, txalo artean irten ziren. Hori baita sasoi honetako krisiak utzi duen ondorio baikorretako bat. Jokalari eta zaleak inoiz baino elkartuago daude. Harmailetan badakite diru asko zor zaiela, eta konkurtso legea onartzen bada ez dutela dena kobratuko, eta hala ere ekinean jarraitzen dute. Xabier Jon Davalillo presidente berriak gertutik ikusi zuen lotura hori, palkoan baitzen, aspaldiko partez.

Bilbo Basketek egunsenti berri bat ikusi zuen herenegun baina ezin izan zuen ospatu Gorka Arrindaren aroaren osteko lehen partidan. Eta hori aurkariak baino gehiago merezi izan zuela kontuan hartuta. Zorionez, baina, taldeak ez du deus ere jokoan eta sailkapenaren erdi aldean jarraituko du liga bukatu arte. Lasai, bulegoetako albisteak noiz iritsiko. Lasai, baina ez utzikerian, atzo lan handia egin zuelako, eta azken laurdenaren hasieran aurretik zen (72-63, 34. minutuan). Azken partidetan egin bezala, Rafa Pueyok beteranoak zukutu zituen: Gabrielek, 19 puntu, 36 minutu jokatu zituen; Mumbruk, 14 puntu, 33 minutu, eta Markotak, 16 puntu, 32 minutu. Raul Lopezek, min hartuta ez zuen jokatu, eta Hervellek, apurka hobera doa bederatzi minutu baino ez.

Nekea azken sei minutuetan azaleratu zen eta Joventutek gaina hartu zion Bilbo Basketi. Badalonako taldeak jokalari gazteak ahal fisiko handikoekin uztartzen ditu eta Tariq Kirksay beteranoaren gidaritzapean 11-25eko partzialarekin bukatu zuen partida. Kanpokoek sei hiruko sartu zituzten azken laurdenean, horietatik hiru jarraian.

Nabarmentzekoa Bilbo Arenan ikusitako hiruko jaurtiketa festa. Joventutek 39 jaurti zituen eta hamalau sartu; Bilbo Basketek, aldiz, 28 jaurti zituen eta zazpi sartu. Bien artean guztira 67 hiruko. Biko jaurtiketak, aldiz, 70 izan ziren guztira. Horiei kontraerasoak eta eraso errebote osteko saskipeko jaurtiketak kenduz gero —biko jaurtiketa logikoak— hiruko marra zein puntura arte ustiatu zuten kalkula daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.