Frears, Gilliam eta Miyazaki lehiatuko dira Veneziako jaialdian

Zinema festibalak hemeretzi film aurkeztuko ditu lehiaketan abuztuaren 28tik irailaren 7ra arte

Agentziak
Erroma
2013ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Prestigioko zuzendariak, kritika eta ikusleak epel uzten ez dituztenak, ezezagunak... Veneziako Zinemaldiak molde ugaritako zinemagileen lanak aurkeztuko ditu aurten bere sail ofizialean, Urrezko Lehoia eskuratzeko lehian. Jaialdia abuztuaren 28tik irailaren 7ra egingo da eta besteak beste, Stephen Frears, Terry Gilliam, Jonathan Glazer, Amos Gitai, James Franco eta Hayao Miyazakiren azken lanak lehiatuko dira bertan. Bernardo Bertolucci zinemagile italiarra izango da aurtengo epaimahaiaren burua.

Ohi bezala, Veneziak munduko bazterretako zinema aurkeztuko du sail ofizialean, baina etxekoari eta batik bat jatorri anglosaxoiko filmei tarte nabarmena utziz. Italiak, hain zuzen, hiru ordezkari izango ditu lehian: Gianni Amelioren L'intepido, Gianfranco Rosiren Sacro GRA dokumentala eta Emma Danteren Via Castellana Bandiera.

Terry Gilliamek lau urtean egin duen aurreko lana eramango du Veneziara, The Zero Theorem, bizitzaren zentzua aurkitzeko lan egiten duen ordenadoreen maisu bati buruzko filma. Gilliamek baino gehiago eramaten zuen filmik egin gabe Jonathan Glazerrek. Sexy Beast-en (2000) egileak ere zientzia-fikzioari erreparatu dio Under the skin filmean.

James Francok, berriz, Cormac McCarthyren Child of God eleberriaren egokitzapena eramango du Veneziara, eta Kelly Reichardtek Night Moves, ekoterrorismoaren inguruko lana. David Gordon Greenen Joe-k berriz, Nicholas Cage du protagonista, eta Stephen Frearsen Philomena-k Judi Dench. Gordon Greenek zuzendari onenaren Urrezko Hartza eskuratu du aurten Berlinalen Prince Avalanche-rekin, eta Frearsek, bere aldetik, Muhammad Ali's Greatest Fight aurkeztu zuen lehiatik kanpo Cannesen.

Hayao Miyazaki animaziozko zinemaren maisu japoniarraKaze Tachinu filmarekin lehiatuko da Venezian eta Amos Gitai israeldarra Ana Arabia-rekin.

Veneziako Zinemaldia Alfonso Cuaron mexikarraren Gravity filmarekin abiatuko da. George Clooney eta Sandra Bullock ditu protagonista nagusiak eta sail ofizialean emango dute baina lehiazkanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.