Kritika. Musika

Orkestraren kalitate ona

2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bilbao Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Gunter Neuhold.

Bakarlaria: Severin von Eckardstein.

Egitaraua: Stravinski eta Ravelen lanak. Lekua: Euskalduna jauregia (Bilbo). Eguna: azaroak 11.

Bilbao Orkestra Sinfonikoa erritmoetan eta tinbreetan aritu daStravinski eta gure Ravel-en lanen bitartez, eta nola aritu ere, Severin von Eckardstein pianistaren laguntzarekin. Hasieran, esaterako, Neuhold zuzendariak maisutasunez erabili zuen Stravinskiren 2.Suitea orkestra txikirako kontzertuaren helburua nolakoa izango zen adierazteko: izan ere, orkestraren instrumentu desberdinekin eta erritmoarekin jolasteko dantza mota diferentetan. Gardentasuna eta aldi beretasuna lortu zuten musikariek eta zuzendariak pieza laburrak barnean dakartzan martxa, baltsa, polka eta galop-etan, hain zuzen ere.

Gero, Maurice Ravel euskal herritarrak esku ezkerrarentzat daukan kontzertuan, Re Maiorrean , Von Eckardstein bakarlariak ziurtasunez gainditu zuen esku ezkerrarekin bakarrik bi eskuek lortu behar zuten partitura zaila. Horretarako, argitasuna erakutsi zuen pedalaren bitartez goian jotzen zituen akordeei eta doinuaren notei eusteko, beheko eskaletan akonpainamenduaren irudi arinak egiten zituen bitartean. Benetan erronka da, pianista onarentzat ere, esku batekin melodia lirikoa jotzea behean saltoka dabilen bitartean, lehengo sailaren azkenean gertatu zen bezala. Edota teklatuaren alde batetik bestera ibiltzea ere arpegioen jarraipen etengabean melodiari eusten zion bitartean azken sailean dotorez egin zuen moduan. Publikoak eskertu zion alemaniar pianista gazteari txalozaparradarekin eta honek Schumannen pieza labur eta lasaigarriarekin itzuli zion bere esker ona.

Egitarauaren azken zatian, Neuhold zuzendariak eta orkestrak Stravinskiren Petrutxka disdiratsuarekin biribildu zuten erritmoari eta tinbreei, batez ere, eginiko omenaldia. Pieza hau, dauzkan disonantzia apurrekin, denbora irregularrekin eta erritmo itxiekin, aproposa da instrumentu desberdinen bakarlaritzak soinuen gardentasuna eta bateratasuna froga handia jasateko. Harizko grabeen unisono apurtu batzuk kenduta, goi mailatik ibili zirenzuzendaria eta musikariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.