Jarduera guztia bi lantegietako batean bildu eta 25 langile bota nahi ditu TSk

Langileek iragarki taulako ohar baten bidez jakin dute berria; batzordea gaur bilduko da zer egin erabakitzeko

2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Astea berri txarrekin hasi dute Zestoako (Gipuzkoa) TS Fundiciones enpresako langileek. Atzo, lantokira joan zirenean, zuzendaritzak 25 langile kaleratzeko asmoa duela irakurri zuteniragarki taulako ohar batean. Handik ordu batzuetara enpresak berak baieztatu zien hedabideei, ohar baten bidez. Ekoizpenean izandako jaitsierari erantzuteko, jarduera guztia lantegi bakar batean biltzea erabaki duela zioen, eta 25 langile kaleratuko dituela —hamabost langile zuzenak eta hamar zeharkakoak—.

Taldeak bi lantegi ditu Zestoan: bata, erdigunean; bestea, Arroa auzoko Sansinenea industrialdean. Zuzendaritzaren esanetan, bi lantegiak gaitasunaren erdira baino gutxiagora ari dira lanean. «Horregatik, zentzuzkoa da jarduera lantegi batean biltzea». Sansinenea industrialdeko hartuko luke lan karga guztia, berriena delako eta kokapen hobea duelako. Han, ordea, 150 langile ariko lirateke, enpresak dituenak baino 25 gutxiago. Zuzendaritzak dio sindikatuekin negoziatzeko prest dagoela.

Langile batzordeko kideak joan den ostiralean bertan bildu ziren zuzendaritzarekin, baina bilera hartan kaleratzeez txintik ez ziela esan ziurtatu diote ELAko iturriek BERRIAri. Jarduera biltzeko aukera aztertzeaz hitz egin ziela, baina besterik ez, eta kaleratzerik gertatuko zen galdetu zienean ere ukatu egin ziela. Haiek ere iragarki taularen bidez jakin zuten berria atzo. Gaur ELAko eta LABeko ordezkariak biltzekoak dira, zer egin erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.