'Luno'-ko erregaia ateratzea eragotzi du itsasoak tolesturiko atexka batek

Egun saiatuko dira berriz ere eta astelehenean ontziaren hiru zatiak kendu ahal izatea espero dute

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Luno zamaontzitik erregaia ateratzeko lanak egun beharko dira burutu. Atzo goizean tresneria guztia prestatu zuten Herbehereetako Smit Salvage enpresako langileek. Luno zamaontzia hiru zatitan dago oraindik, eta gasolioa brankako edukiontzian dago. Orotara, 70 eta 80 tona inguru. Kroskora iritsita, langileek tolesturik atzeman dute erregai edukiontziko atexka eta, kontuan harturik tenorea eta itsasgora abiatzen zela, gaurko utzi dituzte xurgatze lanak.

Egun osoan tentsioa nabarmena izan zen Angelun, eguraldia lagun ukan arren. Xurgatze lanei segurtasunez ekin ahal izateko, kroskora heldu behar zuten lehenik. Arratsaldeko hirurak ziren, aroa alde eta itsasbehera. Lanari ekin ahal izateko baldintza egokiak. Bi kamioi ezarri ziren Lunoko brankaren ondoan erregaia hartu ahal izateko, eustarrian. Indusketa makina bat kroskoaren ondoan, kareleraino heltzen zen beso luze batekin, zurubi gisa baliatzeko. Xurgatze lanak abiaturik zeudela iragarri zuen Herriko Etxeko prentsa arduradunak. Berehalako oharra egin zuen Jean Espilondo Angeluko auzapezak, pozak epelduz. «Erregaia xurgatu ahal izateko, kroskoa zulatu beharko da lehenik».

Dena plantan zegoelarik, espero ez zuten eragozpena atzeman zuten. Itsasoaren talkek tolestu zuten erregai edukiontziko atexka. Ireki ezinean, zulatu behar. Arratsaldeko bostak pasatu ziren eta erabakia hartu behar. Gaur saiatu behar berriz ere. «Tresneria guztia plantan dago, eta horrela geldituko da gau osoan. Gaur berean hasita eta asteburuan gehienez, gasolio guztia xurgatu ahal izatea espero dugu», jakinarazi zuen.

Meteo-France-ko eguraldi zerbitzuek aro txarra iragarri dute astebururako. Halere, xurgatze lanak eginteko trabarik ez dela egonen azaldu zuen Espilondok.

Segurtasuna

Turismotik bizi den herrian, irudia eta hondartzen kalitatea funtsezkoak dira. Kanpoko begiradak eta herritarren arrangurak baretu nahirik, lanak segurtasun osoz bermatzeko eskatu zion Espilondok Luno zamaontziko jabeari. Eta gehitu du egunero egiten ari direla uraren kalitate azterketak, eta horrela segituko dutela kroskoa osorik kendu arte, kutsadurarik ez dela gertatu bermatzeko. Epeak ere jarri ditu Espilondok. Asteburuan itsasontzian gelditzen diren 70-80 tona gasolioa xurgatu, eta, astelehenean berean, kroskoaren hiru zatiak hondartzatik ateratzeko lanei ekiteko asmoa dutela jakinarazi zuen.

Ingurumen zerbitzuek egindako azterketen emaitzak onak direla erran zuen Espilondok. Patrick Dallennes Baionako suprefetak ere berretsi zuen emaitza. Alta, oraindik aldea dago hastapenean iragarri kopuruen eta orain emandakoen artean. Joan den asteazkenean gelditu zen trabaturik Luno zamaontzia Baionako Barrako eustarrian. Bi puskatan bereizi zen berehala. Orduan zabaldutako informazioen arabera, zamaontziaren branka eta poparen artean zegoen gasolioa isuri zen itsasora.

Dena dela, kutsadura arriskurik ez dagoela berretsi du Dallennes Suprefetak, gasolio arina dela azpimarratuz. Arrazoi horrengatik baztertu zuten segurtasun hodia ezartzea itsasontziaren inguruan, ez zelako eraginkorra izanen.

Uztaritzeko Hegalaldia zentroak bertze irakurketa bat egiten du, aldiz. Agiri baten bidez jakinarazi zuten ostegunean prest daudela kutsatutako hegaztiak hartu eta artatzeko. Departamenduak ez du egitura publikorik hegaztiak artatzeko. Hegalaldia da egitura bakarra eta iaz ateak ixteko arriskuan egon zen, diru laguntza publikoak ez zirelako aski ibilmoldea bermatzeko. Azken unean, irautea lortu zuten, hainbat herritarrek haien sakelatatik ezarritako diruari esker.

Auzibideak martxan

Hiru auzibide daude martxan, istripuan izan diren erantzukizunak finkatzeko. Anne Kayannakis Baionako prokuradoreak agerraldia egin zuen atzo, esku artean duen prozedura zehazteko. «Otsailaren 5ean ikerketak egiten hasi ginen, argitzeko Luno zamaontziaren aferan egon daitezkeen erantzukizunak». Egon daitezkeen arau hausteak hiru dira, prokuradorearen arabera. Axolagabekeriagatik edo arauak urratzeagatik izandako istripua izatea, eta, kasu horretan, sei hilabeteko espetxe zigorra eta 15.000 euroko isuna litzateke; itsasoan izandako istripuaren ondorioz ura kutsatzeagatik, 800.000 euroko isuna eta azkenik, nahi gabe pertsona bati zauriak eragitea, hiru hilabete baino gutxiagoko lanuztea eraginez. 15.000 euroko isuna luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.