Euskal Herria Baik jardun iraunkorra abiatzearen alde egin du Batasunak

Abertzaleen Batasunak eta Eusko Alkartasunak datozen egunetan erabakiko dute apustuari bide eman ala ez

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Herria Bai osatzen duten alderdiek elkarlanean sakondu eta estrategia iraunkor bat indarrean jartzearen alde egin du Batasunak, eta lan bateratu hori hauteskundeetatik haratagokoa izan dadin onartu du. Atzo hartu zuen erabakia Batasunak, Uztaritzen, alderdiaren urteroko biltzar nagusian.

Apustua bete dadin, koalizioa osatzen duten gainerako alderdiek horren aldeko erabakia hartzea falta da orain: Abertzaleen Batasunak eta Eusko Alkartasunak ere, Euskal Herria Bai sigletan batuta, elkarlan iraunkorrean aritzeko nahia adieraztea. Datozen egunetan hartuko dute erabakia bi alderdi horiek; Abertzaleen Batasunak, datorren larunbatean bertan.

Ficobako akordioa betetzea

Elkarlan iraunkorrerako bidean aurrera egiteko asmoa ez da ezerezetik sortu. Irungo Ficoban du aurrekari nagusia. Apirilaren 28an, akordio bat sinatu zuten ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Abertzaleen Batasunak, Aralarrek eta Alternatibak. Bertan, ezkerreko eta burujabetzaren aldeko bost alderdiek akordio estrategiko bat egin zuten, helburu argi batekin: Euskal Herrian «eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala» bultzatzea.

Orduan izenpetutakoa praktikan gauzatzea da orain Batasunak biltzarrean onartu duena; akordioa Ipar Euskal Herrian betetzea. Horretarako, Ficobako engaiamenduaren Ipar Euskal Herriko esparrua zehazten duen deklinazio bat landu da, eta lanketa horren gainean egin du bozketa. Emaitza argia izan da: EHBairen jarduna iraunkortzea babestu du Batasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.