Aitor Renteria.

'Luno'-ko erregaia aterata, zamaontzia hondartzatik kentzea da orain erronka

2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
«Itsasoa kutsatzearen arriskua gibelean utzi dugu», adierazi zuen atzo arratsaldean Jean Espilondo Angeluko auzapezak, Luno zamaontzitik gasolio guztia xurgatu ondoren. Zamaontzia hiru zatitan dago Angeluko Barrako (Lapurdi) euskarrian jo ondoren,eta handik kentzea izanen da engoitik erronka teknikoa. Atzo arratsaldean egin nahi zituzten xurgatze lanak, baina, ekaitza iragarrita egonik, itsasgorarekin egitea hobetsi zuten, eta 10:40ean hasi ziren kroskoan gelditzen ziren 70 tona gasolio xurgatzen.

Herbehereetako Smit enpresak zuen xurgatze lanen ardura, eta zalu ibili ziren denboralea saihesteko. Oren bat behar izan zuten lehen kamioia betetzeko, eta 24 tona gasolio hartu zituen. Abantzu orduro bertze kamioi bat bete zuten. Lau orotara. Bukaeran, pozik baina arranguraturik zegoela adierazi zuen Espilondok. Pozik, ingurumen zerbitzuek egunero ur azterketak egin dituztelako Zaldunen hondartzan, eta auzapezaren arabera, ez dutelako kutsadura aztarnarik atzeman. Arrangura, aldiz, hondartzan daudelako oraindik ere zamaontziaren hiru zatiak. «Kendu ahal izateko asteak beharko dira, baina espero dut astelehenean berean hasi ahal izatea lanak», esan zuen.

Luno zamaontziko armadoreak merkatu deialdia egina du. Lan hori egiteko gai diren enpresak lau edo, gehienik, bost izan daitezkeela zehaztu zuen Espilondok. Orain, halaber, istripuaren arrazoiak finkatu eta erantzukizunak ebazteko tenorea dela dio auzapezak. Iritzi berekoa da Anne Kayannakis Baionako auzitegiko prokuradorea. Inkesta abian dela erran zuen ostiralean. Otsailaren 5ean izan zen istripua eta egun berean balizko erantzukizunak argitzeko inkesta ireki zuen Kayannakisek. Turismoa da Angeluren baliabide ekonomiko nagusienetarikoa eta istripuaren irudiek eragin dezaketen kalteak ahal bezain laster gainditu nahi ditu Espilondok.

Itsasoa eta haizea, zakartuta

Eguraldiak zakar dirau, eta elkarren segidan katigatzen ari dira denboraleagatik eta haizete gogorrengatik agintariak ezartzen ari diren alertak. Atzo arratsaldean, olatu zakarren beldur, alerta laranja ezarri zuten itsasertzean; egun guztian jarraituko du gaur;barnealdean, aste osoan hainbatetan gertatu gisan, maila bereko alerta ezarriko dute haizeak oso gogor joko duela iragarrita. Tentuz jokatzeko abisua ematen dira segurtasunaz arduratzen diren erakundeak.Gaur, esaterako, eskola kirolarekin lotutako hainbat jarduera ez dira egingo Bizkaian, zer gerta ere, bertan behera laga dituelako Bizkaiko Foru Aldundiak. Kezkatuta daude, heldu den astean —asteazken aldera bereziki— itsaso bortitzak arazoak sor baititzakete. Atzo olatu handiak ibili ziren berriro kostan; gauerdirako espero zen txarrena, eta, badaezpada ere, hainbat neurri berezi hartu ziren. Atzoko denboralearen ezaugarri nabarmenena haize bortitza zen, segurtasun arduradunek azaldu zutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.