Sindikatuek eta Confebaskek ez dute lan itunak babesteko akordiorik egin

Hilaren 8an bilduko dira berriz, baina negoziazioak akordiorik gabe bukatuko dituztela uste dute denek

Gehiengo sindikalak negoziazio kolektiboaren alde eta pentsioen erreformaren kontra Madrilen egindako manifestazioa. ANDONI CANELLADA / ARP.
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Confebask patronalak eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ez dute lortu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektorekako lan itunak Espainiako negoziazio kolektiboaren erreformatik babesterik. Atzoko bileratik ezkor atera ziren alde guztietako ordezkariak. Hurrengo asteazkenean biltzekoak dira berriz, baina mahaian eseri zirenetako inork ez dauka ados jarriko diren itxaropenik. ELAk ez zuen parte hartu bileran.

Enpresek unean uneko egoera ekonomikora egokitzeko izan behar luketen marjina izan da sindikatuen eta patronalaren artean desadostasunik handienak eragin dituen gaia, Jon Bilbao Confebaskeko negoziazio kolektiborako arduradunaren arabera. Sindikatuetako bati bota zion errua, «ez duelako jarrera aldatu nahi izan akordioa posible egiteko». Hala ere, guztiei eskertu zien ahalegina, benetako elkarrizketa bat egiteko gai izan direlako.

Atzoko bilera egin eta gero, parte hartzaileetako bakoitzak azken erabakia hartzea baino ez dela gelditzen azaldu zuen Bilbaok. Datorren asteazkenean erabakiaren berri emango diote elkarri eta han bukatuko dituzte negoziazioak, akordiorik gabe. Sentipen hori dute, behintzat, Confebaskeko, UGTko eta CCOOko ordezkariek.

«Jarreretan desberdintasun handiak daude eta ados jartzeko aukera gutxi ditugu», adierazi zuen Maribel Ballesteros UGTko ekintza sindikaleko arduradunak atzoko bileraren ostean. «Jarrerak finkatuta» daudela uste du CCOOk ere, eta hilaren 8an akordiorik gabe bukatuko dituztela negoziazioak.

ELAk ez du parte hartu

ELAk, Confebasken eskaintzari uko egin, eta lan itunak babesteko elkarrizketetan parterik ez hartzea erabaki zuen abenduan. Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiaren ustetan, «ez duela zentzurik patronalarekin biltzeak» Mariano Raxoiren Espainiako Gobernu berriak arlo horretan egin beharreko erreforma zertan den argitu arte. «Arduragabekeria» litzatekeela esan zuen Joseba Villareal negoziazio kolektiboko arduradunak, «bilera horietatik ezin delako langileon mesederako ezer atera».

ELAko arduradunek azaldu zuten udaz geroztik bi bider bildu zirela Confebaskekin. Lehenengoan, irail amaieran, negoziatzeko aukera bazegoela ematen zuela kontatu zuten; baina bigarrenean, azaro bukaeran, beste planteamendu batekin heldu zela patronala, Villarealen hitzetan, «desaraututa dagoena are gehiago desarautzeko». Onartezintzat jo zuen hori sindikatuak.

Espainian lan erreformaren inguruan zer erabakitzen zen ikusi arte itxoitea erabaki zuen ELAk. Eta Confebaskek errespetatu egin zuen sindikatuarenerabakia, nahiz eta gainontzekoekin negoziatzen jarraitzea erabaki.

LABek, saiatzeak merezi zuela iritzita, negoziazioetan parte hartzea erabaki zuen. «Egungo ereduak funtzionatuz gero, eredu horri eusten eta eredu hori hobetzen saiatu behar dugu», adierazi zuen Jabi Garnika sindikatuko idazkari nagusiaren albokoak. Herrialdekako lan itunei eustearen alde egingo zuela agindu zuen, eta lan erreformaren ondorio ezkorrak indargabetzen saiatuko zela.

Lanbide arteko akordio bat egitea herrialdekako lan itunak babesteko modu egokia izan zitekeela uste zuen LABek. Hain zuzen, sindikatuak berak ere pare bat prentsaurreko eman zituen Confebaskek proposatutako gauza bera proposatzeko. Horrenbestez, patronalak negoziatzeko eskaintza egin zionean, onartu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.