Artea. Kritika

Begira ditugun alferrikako begiez (I)

2011ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Artea

M10: Artea eta ikerketa 2010 deialdian hautatutako proiektuak

Non: Montehermoso zentroa (Gasteiz).Noiz arte: Irailaren 18a arte.

Euskal Herrian ez dago artearen produkzio, ikerketa eta erakusketak sustatzen dituen gune asko, eta daudenak, zaindu eta defendatzea beharrezkoa da. Montehermoso Kulturgunean Arte eta Ikerketa 2010 bekadunen proiektuak aurkezten dira. Zortzi artistek —Oier Etxeberria, June Crespo, Ainize Sarasola, Filipa Raposo, Marina Naprushkina, Agnieszka Kurant, Eric Beltran eta Praneet Soi— aukera izan dute azken hamabi hilabeteotan garatutako proiektuak bistaratzeko. Egitasmoak, eta hau azpimarratzekoa da, artista lokal eta internazionalen arteko loturak ezartzeko balio du, eta, joera endogamikoetan ez erortzeko, halako egoerak sortu behar dira. Erakusketa kolektiboa den arren, formatu indibidualak indar handia du. Formatuak berak, non artista bakoitzak banatutako espazio bat duen, proiektuez banan-banan hitz egitea eskatzen digu, erakusketaren osotasuna artistaren partikulartasunetik ulertuaz. Horregatik, kritika bi ataletan egingo dugu.

Laster datu digital bihurtuko diren Pragako Gizarte Segurantzaren artxiboko 9.000 kaxoi grabatu ditu Eric Beltranek, 27 km bete. Amaierarik gabea dirudien pilaketa horrek gaur egun dugun datu pilaketaz pentsarazten digu; irudien tartekako idatziek galdetzen digute katalogo bat nola egiten den, artxiboaren irakurketa ahalbidetzen duten faktoreak zeintzuk diren edo nola sor genezakeen munduaren irudikapen eraginkor bat. Bitartean, 27 km luze artxibo pasatu eta pasatu ikusten ditugu bideo proiekzioan, itzelezko piloa, itzelezko pisu fisikoa duena.

Gizarteak, gizabanakoak edo erakunde batek munduari forma eman nahian bere eginkizunetan sortzen dituen dokumentu multzoa edo hori zaintzen den lekua da artxiboa. Artxiboaz ari garenean ez dakigu ongi ze motatako datu pilaketaz ari garen, artxiboak formatu eta helburu askotakoak izan baitaitezke: irudia, soinua, bideoa, hitza, datu geologikoak, datu polizialak, datu historikoak, datu literarioak, datu nekrologikoak... Alde batetik, badira sistemek sortzen dituzten artxiboak, maiuskulekin idazten den Historia bera eredu, non botere estrategia jakinen babesean gertaera batzuk aukeratzen diren beste batzuk bazterrean utziz. Beste alde batetik, artxibo hegemoniko horien itzalean edo horiek dekonstruitzeko helburuarekin sortzen diren beste hainbat artxibo ere badaude. Eta gaur egungo arteak badu zer esanik aipatutako azken norabide horretan, eta horren erakusgarri dira proiektu gehienak.

Mundua ulertu, sailkatu eta artxibatzeko saioak hasieratik arrakastarik ez izatera kondenaturik dauden kateaketa sistemak dira, ez baitago erarik irudikapenean dena irudikatzeko. Eta ezintasun hori kontuan hartuta lan egiten dute erakusketako artista gehienek, bakoitzak bere erara, nahiz eta esplizituki hiruk agertu. Bat, aipatu berri dugun Beltran, Formas de Leer proiektuarekin, zeinetan nahiko era analitikoan, artxibo tradizionalaren arauak argitara ekarri eta kateaketa berriak sortzen dituzten bi interpretazio nagusiak azaltzen dizkigun: Aby Warburgena eta Walter Benjaminena. Eta besteak Marina Naprushkina eta Oier Etxeberria dira.

Naprushkinaren General Plan proiektuak Minsk hiriaren berreraikuntza irudikatzen du; Bielorrusiako hiriburua eta artistaren bizilekua da hiria, eta II. Mundu Gerrako sarraskia gertatu eta gero suntsituta gelditu zen. Lan honetan hainbat gauza ikus ditzakegu: bideo bat, zeinetan hiria berreraikitzeko lan egin zuten bi arkitekto elkarrizketatzen diren, Sobietar Bielorrusiako hiri antolamendu eta industria arkitekturari buruzko liburu metaketa, eta abar. Interesgarria da nola kontatzen digun gertaera bera formatu ezberdinak artikulatuaz, eta azpimarratzekoa da diaporama bikoitzean aurkezten digula. Diaporaman arkitektoetariko baten argazki «pertsonalen» artxiboa arakatu du artistak.

Oier Etxeberriaren Lalana proiektuak, berriz, modernitateaz geroztik munduaren zentzu eraketan irudiak duen garrantziaz pentsatzera garamatza, ikusmenak beste zentzuen aurrean duen inperioaz. Haren lanaren ardatza soinua da, nahiz badiren irudiak. Halere, irudi horiek soinuak gidatzen ditu, eta ez alderantziz, ohituta gauden moduan, «neri begira hortik daduzkat alperrikako bi begi». Espazioaren erdi-erdian dago biniloa (espazioaren eraketa bera ere biniloaren borobiltasunaren araberakoa da), etakaskoak jarri bezain pronto irteerarik gabeko soinu zurrunbiloan murgiltzen da bisitaria. Fragmentuz fragmentu, konexio berriak eratuz, barneratzen gaituen musika masa sortu du memoria eraketaren zentzu klasikoa aldatuz. Iraganaz ari da, kolektibitateen iragan historikoaz, bertakoaz eta kanpokoaz, demokraziaz eta zaldi lasterketez, la notaren bakardadeaz, elgorriaz. Iraganaz ari da, baina hori, pasatakoan, orainean tximistak lez agertzen den zerbait bezala ezagutu genezake bakarrik. Aipatzekoa da Txomin Agirreren Garoa kantatua ere, opera estiloan eta bideoa izan arren, irudirik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.