Zirkunstantziek pertsonaiei gain hartzen dieteneko hamar istorio

Pasazaitek argitara emandako lehen liburua da Andrej Longoren 'Hamar', eta Josu Zabaletak euskaratu du

Ion Olano eta Josu Zabaleta, Donostiako Kaxildan, Hamar liburuaren aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Camorra mafia taldearen inguruko testuinguru itxi eta irteerarik gabekoan kokatu zituen Andrej Longok (Isquiako Uhartea, 1959) Hamar liburua osatzen duten hamar istorioak, eta lan originala argitara eman zenetik lau urtera, euskal irakurleek aukera izango dute giro ilun horretan barneratzeko, Pasazaite argitaletxe sortu berriaren eskutik.

Josu Zabaletak itzulitako testuetan, Napoliko ikuspegirik bortitzena erakusten duten muga-mugako hamar egoera erretratatzen dira, denek ala denek ezaugarri antzekoak dituztenak: gizakiak ageri dira beraiek sortutako miserian galduta, eta elkarbizitzako legeek ez dirudite iseka eta trufa gaiztoa besterik. «Era guztietako jendea egoera askotan erakusten digu idazleak. Kasu batzuetan, pertsonaiak Camorran sartuta daude, eta, beste batzuetan, Camorra sartzen zaie beren baitan, gutxien uste duten zirkunstantzietan», azaldu du Zabaletak. Hala ere, haren irudiko, Longok idatzitakoak ez dira «kontakizun exotikoak, edonori edonon gerta dakizkiokeen kontuak baino.

Era berean, testuek sortzen duten zirrara nabarmendu du Zabaletak: «Zirrara ez dator metaliteraturatik, baizik eta istorioak kontatzetik. Liburu honek ezin hobeto betetzen du baldintza hori, istorioak zeharo sinesgarriak baitira. Agian ez dira izango benetan gertatutakoak, baina gerta zitezkeen».

Liburua itzultzerakoan zenbait arazori aurre egin behar izan die Zabaletak; izan ere, «oraindik italiera ez da kasik existitzen, oso fenomeno sozial berria da». Haren aburuz, telebista sortzearekin bat hasi zen hizkuntza estatu osora zabaltzen, baina gainerakoan dialektoak dira nagusi, eta hori nabari da literaturan ere. Hortaz, ahalik eta itzulpen «ulerterrazena» egiten saiatu dela zehaztu du.

Itzultzaileen estatusa igoz

Proiektu askoren gisa berean, Pasazaite argitaletxea sortzeko ideia ere taberna batean loratu zen, orain bi urte. Xabier Queiruga galiziarra da, besteak beste, ideiaren sortzaileetako bat, baina hark euskararik ez dakiela eta, Ion Olanok egin ditu aurkezpen lanak. Hark azaldu duenez, «hiru haberen gainean eraikitako etxola» da Pasazaite. Batetik, liburu guztiak narratibazkoak izango dira, eta euskarara itzuliko dituzte, euskal irakurleekin eta euskararekin «konpromiso argia» dutelako. Itzultzailearen figurari ere garrantzia emango diote, eta ez da «kredituetan agertzen den izen bat» soilik izango. Toki berezia izango du argitaletxearen webgunean —www.pasazaite.com— eta antolatzen dituzten jardueretan. Azkenik, konpromisoa agertu dute «kalitate oneko literaturarekin», eta liburu «gustagarriak» egiten saiatuko dira, «bat ezustean harrapatzen duten horietakoak». Gauza horrela, atzerriko literatura euskaratuko dute, «agian nazioartean sona handirik gabekoa, baina beren herrialdeetan kritikaren zein irakurleen onespena irabazten jakin duena».

Olanok badaki, hala ere, kalitate onekoa zer den definitzea kontu zaila dela: «Askotan, hori esatean, ematen du oso jende gutxik gozatu dezakeen literatura mota bat dela. Ez da gure asmoa. Ahalik eta irakurle kopuru handienera heldu nahi dugu, gure gutxiengo horren barruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.