Joxemari Iturralde eta Manu Lopez Gaseniren liburu berriak kalean

Pamielak argitaratu ditu 'Frantzian Je t'aime esaten dute' eta 'Paperezko bizitzak', Gazte Literatura sailean

Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Joxemari Iturralderen Frantzian 'Je t'aime' esaten dute eta Manu Lopez Gaseniren Paperezko bizitzak nobelak kaleratu ditu Pamiela argitaletxeak, Gazte Literatura sailean. Iturralderen liburuak Pedro Osesek egindako ilustrazioak ditu; Lopez Gaseniren liburuaren azala, berriz, Josemi Goienaren irudi batekin osatua da.

Bere oroitzapenetan oinarrituta, 11 eta 14 urte bitarteko hainbat gaztetxoren gorabeherak kontatu ditu Iturraldek Frantzian 'Je t'aime'esaten dute narrazioan. «Oso aro zaila da, etsipenez betea», Iturralderen iritziz. Umeei esaten zaie opariak Errege Magoek ekartzen dituztela, eta gero jakiten dute hori gezurra dela; aurreraxeago esaten zaie umeak Paristik datozela, eta hori ere gezurra dela jakiten dute. Gero, liburuko protagonisten adinean, sexua, amodioa, helduen arteko kontuak hor daudela ikusten dute. Badakite hor zerbait dagoela, baina oraindik ez dute hori ondo ezagutu, usaindu eta dastatu». Liburuko gaztetxoak Euskal Herritik Frantziara doaz, frantsesa ikastera, gurasorik gabe, eta Iturraldek umorez eta ironiaz kontatuko dituen istorioak dituzte han zain.

Halabeharrari buruz

Paperezko bizitzak «halabeharrari buruzko gogoeta nobelatua» da, Manu Lopez Gasenik azaldu duenez. «Edozein gaztek, eta baita edozein helduk ere, bere buruari askotan egin dio halabeharrari eta patuari buruzko galdera. Baina bizitzan gertatzen zaizkigun gauzek ez dute normalean inolako ordenarik eta zentzurik, eta bat-etortzeak halabeharrezkoak dira, kasualitateak, ez lotura kosmiko baten ondorioak».

Paperezko bizitzak nobelan, galdera bati erantzuten saiatu da egilea, fikzioaren bitartez: «Zer gertatuko litzateke idazle batek gauza bat bat idatzi eta gero hori errealitatean gauzatu egingo balitz?» Galdera horri erantzun nahian, Isabella neska gaztea literaturaren eta krimenaren arteko bidegurutzean jarri du idazle susmagarri baten atzetik ikerketa lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.