Artea. Kritika

Nik bai, ikusten haut (eta II)

2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
'Next'. Askoren artean.

Lekua: Gasteizko Montehermoso kultur zentroa.Noiz arte: irailaren 4a arte.

M10: Arte eta Ikerketa 2010 proiektuen barruan, «begira ditugun alferrikako begiez» aritu ginen; mundua ulertzeko erabiltzen ditugun irudikapenez eta horien artean irudiak duen inperioaz. Oier Etxeberriak Lanlana proiektuan Lazkao Txikiren bertso bat erabili du, 1989an ispiluari botatakoa. Lazkao Txikik bere islarihonako hau kantatu zion: «Neri begira hortik daduzkat alperrikako bi begi, hik ez nauk noski ni ikusiko baina nik ikusten haut hi».

Gure inguruak josita daude ispiluko, mugikorretako, aldizkarietako... irudiez, edonora begiratu eta irudiak ikusten ditugu. Testuinguru horretan, irudien baliotzea eragozten duten fenomeno asko dago, eta horietako bat irudi gehiegikeria da. Horrenbeste inguratzen gaituzte, setiatuta gaudela; neurrigabekeriak itsu bihurtzen gaitu.

Ainize Sarasolaren proiektua gehiegikeriaren metafora moduan uler genezake. Sarasolak, gehitzen eta gehitzen, behin eta berriro keinu berdinak eginez, olioarekin, arkatzarekin, errotuladoreekin eta abarrekin, bi dimentsioko espazio bete-beteak eraikitzen ditu, horror vacue-a. Multzokatze ariketak dira, non izenburuak dioen moduan, We love, we love!, we love? errepikatzen den, ezberdintasunik ba al da ba hiruren artean?

Filipa Raposok, berriz, Actos Remotos proiektuan, irudikapen originalik ez dagoeladiosku. Irudikapen baten azpian beti dagoela beste bat, eta horrela infinituraino. Raposok irudikapenaren originaltasuna baztertzen du; gure begiek ikusten dutena aurrez ikusitakoaren ondorioa da. Horren inguruan, kamera ilunaren eta begi ninien arteko paralelismoa eraikitzen duen argazki parea azpimarratzen dugu. Errealitatea zientzia fikzioa da, eta ezin dugu alde egin irudikapenen zurrunbilotik. Ur- jauzia superochoan grabatutako klip bakar batean ikusten dugu, izoztuta, bideo proiekzio bat da, baina argazki bat dirudi. Akzio horrek medioarekin desegokitasun bat sortzen du: bideo edo argazki? Argazki edo bideo? Eta desegokitasunak ezberdin begiratzera bideratzen gaitu.

June Cresporen El rayo verde proiektuan, ezustekoa da protagonista. Izenburuak oso noizbehinkako fenomeno atmosferikoa adierazten du, eguzkiadesagertzean izaten den distira berdea. Gainjartzeak, metatzeak, muntatzeak, pintatzeak, mozteak, puskatzeak, kopiatzeak, eta abar, lanaren kategoria oro muturreraino darama; collage partikularrak sortzen ditu, non kategoria denak dauden desagertzeko zorian. Objektu bizigabeak dira Crespok eraikitzen dituenak, beltzak, opakoak. Proiektu hori instalazio moduan ulertzen dugu, eta badirudi bertan «artelan handia», espazioaren erdian kokatzen den horifalta dela. Bisitariok ikusten duguna horren itzalean gelditzen diren arrastoak dira: normalean garrantzitsua ez dena, normalean erakutsia ez dena. Horregatik uste dugu Crespok ezustekoa gauzatzen duela, aurkikuntzari lekua eta gorputza emanez. Hala ere, ezusteko diren arren, Cresporen formek badute erlazio berri eta adierazgarriak sortzeko gaitasuna, badute pisua.

Pranet Soiren Sri Nagar proiektuko diaporama aipatuko dugu jarraian. Diaporama artistak Srinagarrera (Kaxmir) egindako bidaiaren ondoren egin zuen. Bidaian bertako biztanleekin hitz egin zuen arazo politikoen inguruan, testigantzak jaso eta guztiak elkartuaz Soik erabaki du fusio kontaketa subjektiboa egitea. Badirudi diaporaman (argazki asko moztuak, pintatuak, eta abar daude) informazio konkretua ematea baino gehiago kontakizun ororen subjektibotasuna plazaratu nahi izan duela, horretarako lehenengo pertsona erabiliz.

Ibilbidearekin bukatzeko, Agnieska Kuranten Unknown Unknown proiektua dago. Kurantek fikzioan soilik existitzen diren fenomenoak dakartza erakusgelara. Gure ustez, artistaren lan interesgarrienak bi dira: bata 2020ko irailaren 29ko New York Times egunkariaren bertsioak, igarle profesional batekin elkarlanean egin dituenak; eta bestea, Map of Phantom Islands, irla fantasmen mapa eta literatura aipuen artxiboa biltzen dituena. Aipagarria da Kuranten proiektuan irudikapena «ezerezaren» pareko dela, eta modu horretan irudikapenak, fikzioak, errealitateaz hitz egiteko baino gehiago, politika eta ekonomia konkretu batzuk babesteko balio du.

Erakusketa hau ikusi eta gero, artisten lanarekin identifikatuz, Montehermoso zentroaren lanarekin identifikatuz, pertsonok dugun ikusteko gaitasuna errebindikatu nahi dut. Ahaztu egiten baitzaigu, maiz, inguratzen gaituenarekiko ikuspuntuak landu behar ditugula, irudiak alferrikako izan ez daitezen. Nik bai, ikusten haut hi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.