Komunikazioa

Jon Sarasua: «Euskarazko telebista eskaintzak multipolarragoa behar du»

Diru publikoari etekin handiagoa ateraz menu zabalagoa eskaintzea proposatu du idatzizko gogoeta batean

Jon Sarasua soziologo, irakasle eta ikerlaria, Iruñean. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostiia
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskarazko telebista esparruazJon Sarasuak egin duen eztabaidarako gogoeta bat zabaldu da egunotan Interneten. EITBk sortutako Kontseilugune aholku organorako egindako gogoeta eta Lanki ikertegiko Inkuba egitasmorako egindakoa baliatuz idatzitako testua da Aretxabaletako soziologoarena.

Hasteko, Sarasuak planteatzen du bi plano ezberdinak direla ETB eta euskarazko telebista espazioa. «Nagusi diren iritziek, oro har, ideia batean oin hartzen dute: ETBri dagokiola euskarazko telebista espazioaren ardura, zentroa eta ia osotasuna islatzea». Gaia beste modu batez ikustea beharrezkoa ikusten du irakasleak.

«Erakunde publikoen bilakaera eta euskal hiztun komunitatearen potentzial, erakundetze eta kapital sozialean oinarrituta birpentsatu beharko da euskararen hedabide esparrua», proposatu du Sarasuak. «Irrati espazioan zenbat irrati eta nolakoak irudikatzen ditugun, prentsa idatzian ze apustu egin behar diren, Interneten nola jokatu, eta telebistaren alorra nola egituratu behar dugun».

Halaber, haren ustetan, badira hiru arrazoi planteatzeko euskarazko telebista espazioaren eredu matriziala bera berriz pentsatu beharra dagoela: «Euskararen bilakaera bera, teknologia nahiz eskaintza uholde baten panorama berria eta hiru hamarraldiotako pitzadura politikoa beste egoera batera pasa izana. Hiru arrazoi multzo horien pilaketak abagune berezia sortzen du». Sarasuariiruditzen zaio euskal hiztun komunitatearen analisi bat izatea beharrezkoa dela euskarazko telebista esparruaz pentsatzeko.

Halaber, euskal telebistaren etorkizunari begira osagai hauek konbinatu beharko lirateke: telebista publiko-autonomikoa, ekimen sozialeko Euskal Herri mailako telebista kateak, tokian tokiko telebistak eta haien saretzeak, eta gainerako euskal hedabideen Interneteko telebista eskaintza.

«Dirua modu konbinatuan»

Euskarazko telebista espazioa sortzearen helburu publikora bideratutako dirua etorkizunean modu konbinatu batean banatzea proposatu du Sarasuak: «Diru publikoari etekin handiagoa ateraz, ikusleari aukera gehiago eta menu zabalagoa eskainiz, gizarte ekimeneko enpresak telebistagintzan aktibatuz, euskal hiztun komunitatearen dinamika onenetatik gertuago dauden bideak irekiz eta euskal telebista esparru txiki eta mugatu baina askotarikoagoa eta sustraituagoa sortuz». Hori esanda, irakasleak ez du zalantzan jartzen esparru berri horretan ETBk «izango duen eta izan behar duen funtzio ordezkaezina eta ziurrenik zentrala».

Sarasuak onartu du «ETB on bat» behar dugula, baina iruditzen zaio errezeta zaharrekin ezin direla konpondu ondoez berriak: «Euskaldunen kontsumo eta irudikapen fragmentazioari, edota aukeren biderkatzeari, ezin zaio kate bakarraren ideiarekin erantzun, ez hedabide-entitate publiko bakarrean diru ia kontzentratzean ere. Euskarazko eskaintzak multipolarragoa izan behar du, eta multipolartasun horretarako aukera ematen digu euskal hiztun komunitatearen eraketa gaitasun eta erakunde sozial-enpresarialen dentsitate bereziak». ETB1en eredu nahiz programazioan asmatzea garrantzizkoa iruditzen zaio, baina esparru zabalago bateko eginkizun banaketan kokatuta. «Euskarazko kateak aurrera egin behar du, beheraldiari eutsi eta esperimentatu, garai berrietarako».

Etorkizuneko politikak pentsatzeko heldulekuak eskaintzea da Sarasuaren testuaren asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.