Eragileak indarrak metatzera deitzen dituzte iheslariek prozesua indartzeko

Errepresaliatuak etxera itzultzeko bidean, haien esku dauden urratsak egitten ari direla diote iheslari politikoek

Ekainaren 15ean Miarritzen egindako Herria Dugu Arnas ekitaldian egindako konponbiderako engaiamendua berretsi dute iheslariek. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak, zabaldu duen agiri baten bidez, bake prozesuak dituen trabak gainditzeari begira indarrak biltzera deitu ditu Euskal Herriko eta oro har, nazioarteko eragileak. Haiei dagoen atalean, bidea egiteko borondatea dutela berretsi dute. Alta, nabarmendu dute ezin dutela urratsa bakarrik egin eta eragileak babesa ematera deitu ditu edo, bederen, dinamika «kaltegarriei» biderik ez ematera. «Gizarte justuagoak aldarrikatzen dituzten munduko gobernuei Espainiako eta Frantziako presio bidegabearen aurrean ez dezatela amore eman» eskatzen dute iheslariek.

Ekainaren 15ean Miarritzen egindako Herria Dugu Arnas ekitaldian hartutako engaiamendua berretsi dute iheslariek. Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoari aterabide demokratikoa emateko ildoan kokatzen dute haien burua. Karia horretara, munduan barreiaturik dauden kideekin loturak estutzen, nazioarteko eragileei iheslarien egoeraren berri ematen segitzen dutela jakinarazi dute, euskal eragileekin zein nazioartekoekin, harremanak trinkotzeko asmoz zein etorkizuneko urratsak prestatzeko norabidean.

«Gatazkari konponbide orokor eta justu bat emateko bidean, prozesu demokratikoa bultzatzeko engaiamendua dugu». Haien esku dauden urratsak prestatzen eta egiten hasiak direla jakinarazi dute iheslariek, Frantzia zein Espainiaren borondatearen beha gelditu gabe. Aldebateko urratsak egitea deliberatu zuen ETAk; gisa berean, aldebatekoak egitea deliberatu dute iheslariek. Azpimarratzen dute zenbait urrats haien esku daudela eta eginen dituztela, baina urrats batzuk ez daude haien esku zuzenean.

Bi Estatuek konponbidean urratsak egiteko borondaterik ez dutela berretsi dute iheslariek, eta prozesu horri jarri nahi zaion traba gisa ikusten dituzte azken asteotan izandako hainbat atxiloketa edo euroaginduak. Bakearen alde egindako urratsak «beldurra eragiten dielako edo», Espainiak presioa areagotu du nazioartean eta euroaginduen bidez, jazarpenari eusten diola azpimarratu dute iheslariek. Ildo horretan kokatzen dituzte azken asteotako euroagindu eta atxiloketak, hala nola Asier Guridiren atxiloketa Venezuelan, Miarritzeko ekitaldiaren biharamunean atxilotutako Jokin Aranalde EIPKko mintzaidearen aurkako euroagindua onartzea Paueko epaileak edota Patxi Segurolaren aurkako estradizioa.

Iheslarien iritziz, bakearen eraikuntzan aldebateko urratsak egin nahi dituzten eragileen agendak trabatu nahi dituzte Frantziak eta Espainiak, errepresioa baliatuz. Horren aitzinean, iheslarien hautua tinkoa dela berresten dute. «Aurrera egin behar dugu luze, luzeegi jo duen gatazka eta injustizia errealitatetik egoera justu eta demokratiko batera iristeko».

Indarrak bildu

Alta, konponbidearen norabidean aitzinera egin ahal izateko indarrak behar direla azpimarratu dute iheslariek. Horregatik, konponbidea eta bakea nahi duten indar, eragile eta herritarren hatsa behar-beharrezkoa dela deritzote, baita nazioarteko eragileen ekarpena. Kasu batzuetan, iheslarien baieztapenaren arrazoia nabarmena da. Horrela gertatzen da deportazioa pairatu duten iheslarien kasuan. Haien baitatik urratsen bat egitea deliberatuko balute ere, beste estatu batek igorri zituen dauden lekuetara, kasu horretan, Frantziak.

Itzuli ahal izateko, nahi eta nahi ez, dauden tokitik ateratzeko baimena beharko lukete lehenik, eta bidaiatzeko eskubidea aitortzen dien pasaportea bigarrenik. Espainiako herritartasuna ukanik, Espainiak eman beharko lieke pasaportea, baina, horretarako, argitu beharko litzateke zein egoeratan dauden, iheslariak hartzeko eskaria Frantziak egin baitzuen. Lehen deportazioak 1984ko urtarrilean egin zituen Frantziak.

«Bakearen eta askatasunaren kontra diharduten indarrak boteretsuak dira, eta Euskal Herrian abiarazitako prozesua oztopatu eta moteldu dezakete, baina ez geldiarazi herri gogoa eta aktibazioa piztuak badira. Berriro diogu: Herriaren ordua da, Herria dugu arnas eta berme. Guztion arteko ahalegin eta borrokaz irabaziko dugu etorkizun librea». Bide horretan, egia osoa egiteko borondatea berretsi dute iheslariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.