El Salvadorren FMLNren garaipen estua ez du onartu Arena alderdiak

Mauricio Funesek, FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontearen buru, Arena alderdi eskuindarraren hogei urteko agintaldia eten zuen 2009an El Salvadorren, botoen %51,32rekin presidentetza eskuratuta. Eta are alde estuagoarekin gailendu zaio igandean Salvador Sanchez Ceren gerrillako komandante ohia Norman Quijanori. Arenako presidentegaiak ez du onartu FMLNren garaipena, gerra zibilaz geroztiko bigarrena jarraian, eta «Venezuelan bezalako iruzurrik» ez dutela onartuko ohartarazi du: «Garaipena gure biziarekin defenditzeko prest gaude, eta armada ere iruzurrari emango zaion erantzunaren zain dago».
Quijanok esan du «Hauteskunde Batzordea bera ere diktadura chavistaren menpekoa» dela, eta haren salaketa larriek nahiz erabilitako hitzen gogortasunak egoera nahasian utzi dute herrialdea.
Sanchez Cerenek 1.494.144 boto (%50,11) jaso ditu presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, eta Quijanok, 1.487.510 boto (%49,89). Aldea, 6.634 boto besterik ez, «iruzurra» salatzeko baliatu du Arenaren hautagaiak. Hauteskunde Auzitegiko buru Eugenio Chicak «prozesua argia, sendoa eta zilegizkoa» izan dela nabarmendu arren, botoak berriro kontatu arte irabazle ofizialik ez dela izango jakinarazi du. Atzo hasi eta, beranduenera, ostegunean amaituko dute kontaketa.
FMLNren presidentegaiaren garaipena ez da ezusteko bat izan —lehen itzulian botoen %49 jaso zituen, eta Quijanok, %39—, baina uste baino alde txikiagoa atera dio Arenaren hautagaiari. «Herriaren nahia» errespetatu behar dela esan du Sanchez Cerenek, eta Quijanoren jarrera gaitzetsi du, Arenaren hautagaia zuzenean aipatu gabe: «Indarkeriarako deiak egiten ari direnei esan nahi diet bide okerretik doazela: gure herriak erabaki du aldaketaren bidean jarraitzea, eta ez dute geldituko».
Hain garaipen estua lortu izana ere —inkestek 10 punturen aldea ematen zioten— ez du saihestu FMLNren hautagaiak: «Ulertu dugu herritarren mezua. Sektore guztiak elkar hartuta jo behar dugu aurrera; gobernuak, enpresariek eta herritarrek, guztion artean egingo ditugu El Salvadorrek behar dituen eraldaketak».
Pobreziaren kontra borrokan
FMLN agintera iritsi zenetik, pobreziaren kontrako borroka izan da bere jardunaren oinarria. Gutxiengo aberats baten ondoan, herritarren %34,5 —bi milioi biztanle baino gehiago— pobre bizi dira, eta hezkuntzan ahalegin berezia egiteaz gain, amildegi sozioekonomikoa borrokatzea izan da FMLNk hartu duen bidea.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.