Amets Martinez. Tantaz Tantako kidea

«Konponbidearen aldeko marea izan behar dugu, egoera desblokeatzeko»

Urtarrilaren 11n itsasoa osatu nahi du Bilbon Tantaz Tantak. Herritarren parte hartzea ezinbestekoa dute, eta ez dute siglarik nahi.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Mobilizazioekin bakarrik egoera ezin dela desblokeatu aitortu arren, indar handia egin dezaketela nabarmendu du Amets Martinez Tantaz Tantako kideak. Horregatik, buru-belarri ari dira lanean herritarrek urtarrilaren 11n Bilborako bidea har dezaten. Herritarrei dei egin die tanta bihurtu, konpromisoa hartu eta itsasoaren parte izateko. «Tanta bakar batek ez du indar handirik, baina itsaso oso batek indar handia du».

Mobilizazio berezia antolatu duzue urtarrilaren 11rako. Itsaso bat edo olatu bat egin nahi duzue. Zergatik formatu hori, eta ez beste bat?

Aurten itsasoa sortzeko deialdia da, eta horrekin bat dator kanpaina bera ere. Azken egun eta asteetan tantak lortzea izan dugu helburu, eta iritsi behar da momentu bat, urtarrilaren 11n, tanta horiek guztiak elkartu eta ageriko egingo direna. Horregatik egingo dugu mobilitsasoa deitzen dugun hau. Egia da nahiko irudimentsua dela urtarrilaren 11rako egitaraua, berez egun osoko egitaraua delako, nahiz eta 17:30ean egingo den mobilitsasoa izan gailurra.

Tantak batzen ari zarete, eta herrietan hainbat ekintza egiten ere ari dira. Zer moduz doa kanpaina?

Pozik gaude, herri eta auzoetatik gauzak heltzen ari direlako pixkanaka-pixkanaka. Izan ere, ez dugu siglen atxikimendurik nahi gure itsaso honetan. Maila pertsonaleko konpromisoak nahi ditugu. Horri deitzen diogu tanta izatea. Bakoitzak presoen giza eskubideen inguruan konpromiso pertsonalak hartzeari. Mota askotakoa izan daiteke konpromiso hori, bakoitzak bere aukeren arabera. Hori da garrantzitsuena, denok batera indarra hartzea eta salbuespen egoeren kontrako olatu hori egitea. Tanta izatea konpromiso hori hartzea da.

Konpromiso hori urtarrilaren 11rako bakarrik da, edo aurrera begirako ere bai?

Orain daukagun erronka urtarrilaren 11n itsaso hori egitea da, baina, egia da, konpromiso horrek indarrean egon behar du salbuespen egoera guztiak amaitu arte. Orduan, imajinatzen dugu urtarrilaren 11tik aurrera ere konpromisoari eutsi egingo diogula. Edonola ere, daukagun erronka da urtarrilaren 11n itsasoa egitea, eta konpromiso horiek guztiak jartzea denok batera bultzada hori egiteko. Baina, presoen giza eskubideen aldeko mobilizazio hori ez dadila izan hasiera eta amaiera, baizik eta hortik aurrera ere mahaia gainean egon dadila konpromiso hori.

Bilbon egoteko tanta egin behar dela diozu. Nola egiten da tanta?

Tanta izateak garrantzia dauka. Hori itsasoa sortzeko ezinbestekoa baita. Modu asko daude horretarako. www.tantaztanta.info webguneko formularioa betetzea da aukera bat. Bigarren aukera da herri eta auzoetan jartzen ari diren mahaietan betetzea formularioa, eskuz. Tanta horiek gero guk zenbatuko ditugu, eta webgunean irudikatuko.

Eta gero, Bilbora joaten denak nola jakingo du non jarri?

Behin tanta bihurtuta, beste gauza bat dago egiteko: tanta gehiago egitea, eta gure inguruko jendeari tanta izateko aukera azaltzea. Eta gero, beste kontu bat ere badago: tanta fisikoa erostea. Herri guztietan dauden tanta fisiko horiek, euro bat eta borondatea ordainduta. Tanta fisiko horrekin itsasoa sortuko dugu Bilbon. Oso garrantzitsua da tanta hori Bilbora eramatea, itsasoa irudikatzeko ezinbestekoa delako. Nolanahi ere, Bilbon bertan ere egongo da tanta egiteko aukera. Behin Bilbon, bi aukera daude 17:30ean. La Casillatik eta Udaletxeko plazatik bi zutabe aterako dira, eta puntu baten elkartu egingo dira, eta hor izango da ekitaldi nagusia. Itsasoa sortuko da. Baina, herritarrak animatu nahi ditugu egun osoko egitarauan parte hartzera.

Herrira-ren jarraipena dela argudiatu, eta antolatzen ari zareten mobilizazioa debekatzeko eskatu du AVTk. Debekuaren beldur zarete?

Tantaz Tantak ez dauka bokaziorik inolako mugimendu edo antolakunde ordezkatzeko, inondik ere. Tantaz Tanta pertsonek osatzen dugu, tantok. Nahiko plurala da, gainera. Beraz, ez daukagu beldurrik, ez duelako inor ordezkatzen, eta giza eskubideen aldeko planteamendua delako. Giza eskubideen alde dauden pertsona guztiek daukate aukera Tantaz Tantan parte hartzeko.

Zergatik hartu zenuten itsasoa antolatzeko erabakia?

Oso kezkatuta gaudelako presoen giza eskubideen urraketekin, eta uste dugulako salbuespen egoera horiek gainditzea konponbidearen aldeko aurrerapauso handia izan behar duela. Prozesua blokeo egoera batean dago, eta uste dugu guk badugula ahalmena blokeo hori desblokeatu eta etorkizun hobeago bat edukitzeko. Horregatik hartu genuen Tantaz Tanta dinamikan parte hartu eta itsaso hori sortzeko erabakia. Hori da gure helburua.

Eta Tantaz Tanta Bilbora begira bakarrik dago edo gero lanean jarraitzeko asmoa duzue?

Lehenengo pausoa urtarrilaren 11n Bilbon egotea da, eta egia da, hartzen ditugun konpromiso horiek errealitate bihurtu behar dute. Bakoitzak ikusiko du bere esparrutik edo bere konpromisotik nola lan egingo duen. Aurrena,sektoreek hartzen duten konpromisoa bildu behar dugu datu base batean, eta gero, hori guztia martxan jarri behar dugu. Baina, tira, gaur egun, urtarrilaren 11n itsasoa egitea da helburu bakarra, eta, hortik aurrera, ikusiko dugu.

Esan duzu presoaren gaian blokeo bat dagoela une honetan. Mobilizazio hauekin bakarrik desblokeatzen da hori?

Ez, mobilizazioekin bakarrik ez. Baina mobilizazioak dira herritarrok daukagun gaitasun bat. Biltzea, eta konpromisoak batzen joatea. Badakigu tanta bakarrak ez daukala indar askorik, baina itsaso oso batek indar handia du. Guk itsasoa behar dugu, eta konponbidearen aldeko marea izan behar dugu. Ziur gaude badugula gaitasuna desblokeo hori gauzatzeko, eta hori da gure aldetik prozesu honi egingo diogun ekarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.