Paxkal Indo. Seaskako lehendakaria

«Legea egokitu behar da Seaskaren izaerara»

Baionako suprefetak Hendaiako auzapezari egindako oharrak Seaskaren haserrea piztu du. Manifestazioa eginen du etzi.

GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Seaskak manifestaziora deitu du etziko, Hendaian. Baionako suprefetak 1850eko Falloux legea baliatu du eraikin berria gelditzeko. Lege horren arabera, ezin da diru publikorik baliatu eskola pribatu bat laguntzeko. Hizkuntza politikaren eragile nagusia denak funtzio publikoa bete ahal izateko laguntza publikoa behar duela erran du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak.

Larunbatean manifestaziora deitu du Seaskak. Zertan da Hendaiako ikastolaren egoera?

Suprefetak gutuna igorri zuenetik ez da aldaketarik egon. Auzapeza suprefetarekin bilduko da aurki, eta gu, prefetarekin. Beraz, kolokan dago Hendaiako ikastola berriaren xedea. Hastapenetik erran genuen egoera larria dela, gainditzen duela Hendaiako ikastola, eta Seaskaren ikastola guztiei eragiten diela. Prefetarekin bilduko garelarik, ikastola guztien egoera aipatuko dugu.

Seaskaren eredua arriskuan dago. Suprefetaren erabakiak nolako eragina ukan dezake?

Bi aukera egon daitezke. Postuan dagoen artean, legea betearazi ahal du, nahi duen bezala. Erran du xede berriak aztertuko dituela, Hendaiakotik hasita. Baina orain arte egindakoa ere legearen jomugan ezar dezake, eta Seaskaren ibilmoldea deuseztatu berak kargua utzi arte. Aski du begiratzea nola dauden alokairuak, nola eraiki diren ikastolak, ikusteko esku hartze publikoa egon dela kasurik gehienetan. Beraz, berak erran bezala, kasu guztiak eraman ditzake auzitegi administratibora. Kasurik onenean, Hendaiako ikastolaren garapena trabatuko luke hiru urtez edo, kargua utzi arte. Kasurik txarrenean, ikastola gehienak itxiko lituzke. Kontraesanez beterik da suprefeta. Hendaia bera da adibidea. Nola traba dezake ikastola berria egitea, ikastola zaharra gisa berean egin zelarik? Hain argi badu, zaharra ere itxi beharko luke. Jakin dezala ikastola baten lana trabatzean bertan sartuko diren haurrak frantses elebakarrak izatera kondenatzen dituela.

Nola ken daiteke Falloux legea?

Legeak dio ezin direla eskola pribatuak finantzatu diru publikoarekin. Ez gara publikoak, baina eginkizun publikoa dugu. Beraz, legea egokitu behar da Seaskaren izaerara. Legerik ez dagoenez, sortu beharko da lege hori. Hizkuntza politikan sartu diren eskolak laguntzen ahal dira, baina nahikeriaz, ez beharturik. Bestela, legea onartezina izango zen. Nahi duten hizkuntza proiektu bat badelarik, erakunde publikoek laguntzen ahal dute. Azken baldintza litzateke eskola hori laikoa izatea. Elementu horiek bildurik, lege hori gure sareari egokitua litzateke.

Suprefetak bere baitarik hartu du erabakia, ala jasotako agindua da?

Iritzi pertsonala emanen dut. Demagun suprefetak Vallsen kabineteari deitzen diola. Erraten badie eraikin pribatuak diru publikoaz ordaintzen direla, hori mozteko agindua jasoko du. Aldiz, erraten badu ikastolek presioa egiten diotela, bertze erantzun bat ukanen luke. Vallsek berak eragin duen aginduan? Bai. Vallsen jarrerak hegalak ematen dizkie administrazioan ari direnei. Jakobinoa izatea errazagoa da Vallsekin.

Merkatuko prezioan alokatzea onartzen duela dio suprefetak. Ataka bat ireki du?

Ataka faltsua ireki du. Errealitatean ezinezkoa den bidea proposatu du. Teknikoki ezin da, diru aldetik. Ikastolak merkatuko alokairuan ordaintzeko, 1,5 eta hiru milioi euro artean beharko lirateke urtero. Ez dugu diru hori. Baina, gainera, ez ditugu gure egoitzak ordaindu nahi. Ez da zuzena. Zerbitzu publikoa gara, eginkizun publikoa dugu, eta diru publikoarekin lagundu behar da. Euskaltzaleek oso argi dute, eta hori aldarrikatuko dugu Hendaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.