Inoiz baino zerrenda abertzale gehiago

Lege aldaketa bati segi, mila biztanlez goragoko herrietan egon beharko dira herriko bozketarako zerrendak. Aukeraz baliaturik, lehen aldikoz, zerrenda propioak osatzen dabiltza hainbat ezkertiar eta abertzale.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2014ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Usaian baino zerrenda abertzale gehiago egonen dira aurtengo herri hauteskundeetan. Baigorrin, Itsasun, Saran... anitz dira herriak non lehen aldikoz abertzaleek ere osatuko duten haien zerrenda propioa. Frantziako Parlamentuak iazko maiatzaren 17an bozkaturiko legeak zabaltzen du zerrenden aukera herri gehiagori. Hain zuzen, orain arte 3.500 biztanletik gorako herrietan zerrenda osatu beharra bazuten, orain 1.000 herritarrez goragokoetan dira beharturik. Aukera hori baliatu nahi izan dute ezkerreko abertzaleek ere, eta hasiak dira buru-belarri proiektu politiko propioa marrazten edota zabaltzen. EAJri doakionez, ez dute zerrendarik aurkeztuko, eta beste zerrendetako kideekin dabiltza hizketan. «Harreman anitz baditugu, baina erabaki gutxi dugu harturik orainokoan», Beñat Oteiza EAJko kidearen hitzetan.

Donibane Garazin ere lehen aldiz zerrenda bat osatzeko gogoz dira ezkerreko abertzaleak. Abertzalea, ezkertiarra eta ekologista liratekeen zerrenda bat aurkeztuko dute. Azken aldietan ez bezala, Alfonso Idiart auzapez eskuindarrak zerrenda bat ukanen du, beraz, parean. «Joko demokratikoarentzat baizik ez bada ere, interesgarria da, bozkatzaileek bi hautu dituztelako», dio gogoetan parte hartzen duen Arantxa Oxandabaratzek. Urte luzeetan Nafarroa Behereko hiriburuak duen «geldikeriaren» parean «alternatiba» bat proposatzeko dira aurkeztuko.

Legearen aldaketaren eragina izateaz gain, abertzaleek osatu zerrenden loratzea Bil Gaiten taldeak egin lanaren emaitza ere dela dio Filipe Aramendi hautetsi abertzaleak. «Bil Gaiten izpirituaren ondorioa da: hainbat herritan abertzale batzuk ez ziren gehiago mintzo elkarri, eta Bil Gaiten-ekin, berriz, zerbait piztu da; mahai baten inguruan elkartzen dira berriz».

Bil Gaiten izpirituari segi

Proiektu ezkertiar eta abertzalea aitzinera eramateko xedez, indarren batzearen aldeko mezua plazaratuz agertu zen lehen aldikoz Bil Gaiten taldea 2011. urteko udan. Helburu horrekin segitu zuten aitzina, eta gaur egun EH Bai koalizioko lan komisio bihurtu dira. Jakinda Ipar Euskal Herriko hirugarren indar politikoa osatzen dutela, proiektu politiko sendo bat marratzeko betebeharra dutela diote: «Gure desadostasunak zein diren badakigu, baina, hirugarren indar politikoa izanik, ardurak dauzkagu, eta, iraganetik ikasiz, geroa marrazten lortu behar dugu».

Hastapenetik argi utzi zuten ez zutela ezer inposatuko eta herrietako militanteei emanen zietela tokikoaz erabakitzeko ardura. Hori dela eta, herrien artean estrategia ezberdinak agertzen dira martxoan iraganen diren bozketa horiei begira. Bi logika ezberdintzen dira: edo zerrenda argiki abertzale gisa definitzea, edo abertzaleek osatu zerrenda irekia aurkeztea. Salbuespen gisa aipa daiteke Miarritzeko hautua. Biarritze Elkartu eta Biarritz Autrement talde abertzaleak Michel Veunac zentristarekin aurkezten dira. «Estrategia lehenetsi dugu ideologiari», Mixel Poueyts Biarritz Autrementekoak argiki dioenez.

Zerrenda irekiaren hautua lehenesten dute usu hiri handietan. Adibidez, Baionan. «Abiapuntuan abertzaleak ginen, baina zerrenda zabal bat egitea erabaki dugu. Nahi baditugu herriko etxeko giderrak hartu, badakigu ez dugula gure espazio politiko hertsitik lortuko», dio Jean-Claude Iriart Baiona 2014 zerrendaburuak, hautua azaltzean. Baina EH Bai izenaren pean doazenak ere badira. Horien artean da Urruñako taldea: «Bil Gaiten eta EH Bairen lelopean aurkezten gara; programa ezkertiar, abertzale eta ekologista dugu», dio Aramendi zerrendaburuak. Dena dela, batan ala bestean, abertzaleen arteko zatiketak gainditzearen helburua lorturik dute.

Hautetsi abertzaleen ituna

EH Bai eta Bil Gaiten-ekoak itun bat idazten ari dira, hauteskundeak pasatu eta hautetsi berriei aurkezteko asmoz. Hautetsi abertzale eta ezkertiar gisa ukan beharreko engaiamenduak zerrendatuko dituzte bertan. Gaur egun, kopuru argirik ez bada ere, 100-150 bat hautetsi eta 15 bat auzapez abertzale dira Ipar Euskal Herrian. Itun horrekin argitu behar lirateke kopuruak. Beste helburu bat ere du itunak: elkarlan bat sustatzea hautetsi abertzale eta ezkertiarren artean. «Bil Gaiten eta EH Bairen izpirituari segi, hauteskundeen ondotik dinamikak segitzea nahi dugu».

Zerrenden bidez edo herri txikietan hautagai gisa aurkeztuz, ahal bezain bat aulki lortu nahi dituzte abertzaleek. 2008ko hauteskundeetan, Uztaritzen eta Urruñan doi-doietarik huts egin zuten herriko etxeko gehiengoa. Aurten ere aurkeztuko dira, duela sei urte hurbil-hurbil geratutakoa irabazteko gosearekin.

Herri elkargoei so ere

Aldi honetan, herri eta hiri elkargoko aulkiei begira ere dira. Orain arte, herriko kontseiluan zituzten hautatzen, baina aurten, lehen aldikoz, herri eta hiri elkargoetako kontseilariak ere bozkatuko dituzte zuzenki herritarrek. Bozketa sistema berriari segi, oposizioan egonen diren kontseilari batzuk egon behar lirateke herri edo hiri elkargoetan ere.

Abertzaleen aukerei buruz galdetzean, ondokoa erantzuten du EH Baiko Peio Etxeberri-Aintzartek: «Errazten ahal digu bidea, baina soilik abertzaleok emaitza onak baldin baditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.