Jaiak. Ondarroa

Kukainarik eta antzararik gabe, jairik ez

Ondarroako ohiturak ezagunak dira; kukaina eta antzararen ekintzak noiz helduko zain egoten dira, ikusminez

Larunbatean ospatuko dute Arrantzale Eguna. LORE BENGOETXEA / HITZA.
2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Ondarroarrek ez dute jairik ezagutzen kukainarik eta antzararik gabe (Bizkaia). Ekintza horiek hilaren 17an egiten dituzte; beraz, larunbata izango da jaietako egunik gustukoena ondarroarrentzat, gehien bizitzen dutena. Emozioa gustatzen zaie. Horregatik, kukaina %20ko gorantz egotea ez zaie nahikoa iruditzen; koipe kopuru handi bat ematen diote, zailagoa izan dadin amaieran egoten den euskal presoen aldeko bandera edo haurrenaren amaieran egoten den ikurrina lortu ahal izatea. 12:00etan hasten da jokoa, baina aurretik, ikusmina. «Kukainaren proba hasi aurretik ere jendea kukainan jolasten aritzen da; horregatik, proba zaildu behar izan dugu azkenean, koipea emanda», adierazi du antolatzaile Txomin Toxuk.

Txikitatik egiten dute tradizioa bere, eta 12 urterekin ere helduen kukainan ahaleginak egiten dituzte. Jolas bat baino gehiago da, tradizioarekin dago lotuta, betidanik festetan ikusitako horrekin. «Duela lau urte 12 urte zituen gaztetxo batek eskatu zidan helduenean parte hartzeko baimena. Eman nion; harrigarria zen hura ikustea. Baina harrigarriena dena da lau urte geroago oraindik bandera lortzeko ahaleginak egiten jarraitzen duela», esan du Toxuk. 30 bat partaide izaten dira kukainan, eta denen helburua bera da: enborraren amaieran dagoen bandera lortzea. Saria ere bikaina izaten dela ziurtatu du antolatzaileak; helduen artean irabazten duenak 300 euroko saria lortzen du, eta haurren garaileak, bizikleta bat. Giroa eta ikusmina sortzen du kukainak Ondarroan. Milaka lagun egoten dira ekintzari begira, zer gertatuko zain. Bertan egoten diren kolpeak handiak direla adierazi du Toxuk. Baina ez dira antzaratan hartzen direnak baino handiagoak.

Antzaratik, ospitalera

«Nik hiru aldiz parte hartu dut, eta bitan, Gurutzetako ospitalera eraman naute», esan du. Soka bat jartzen dute errekaren albo batetik bestera, eta erdian, antzara. Ezaguna da ekintza, eta baita arriskutsua ere. Hori baieztatu du antolatzaileak, baina horrek ere zerbait berezia ematen diola. Kolpe handiak jasotzen dituzte partaideek, baina askok urtero egiten dute. Antzarari helduta altuen heltzen dena izaten da garaileetako bat, eta hori lortzen saiatzen dira guztiak. «Hori bai, zenbat eta altuago igo, kolpea ere tamainakoa izaten da». Baina hasi aurretik hori guztia argi izaten dute parte hartzaileek. Ekintza honek ere ikusmin handia sortzen du Ondarroan. Urte luzez benetako antzarak erabili zituzten, bertan hiltzen zituzten, baina azken urteetan hori aldatu eta antzara artifizialak erabiltzeari ekin diote. Horri ere probetxua atera diote antolatzaileek. Antzara batzuei kokota askatzen zaie, eta besteei ez, eta zeini askatuko asmatu nahian ibiltzen dira partaideak, horrek ere eragina izaten duelako. Partaide bakoitzak saio bat baino gehiago egiten ditu, lau inguru.

Ekintza honetako sariak ere ez dira nolanahikoak. Igoera gehien egiten dituen taldeak 400 euro irabazten ditu; bigarrenak, 250, eta hirugarrenak, 150. Girorik onena sortzen duen taldeak, 100 euro. Eta banaka igoera gehien egiten dituenak, 200. Ondo pasatzeko eguna izaten da, bizi egiten dute. Eta parte hartu ez arren ikustea ere zirraragarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.