Suhiltzaileen segurtasuna hobetzeko

Suhiltzaileen etorkizuneko jantzia aurkeztu dute Ordiziako Su Eskolan; sentsoreei esker, une bakoitzeko egoera neurtu ahal izango daJantzia bizpahiru urte barru merkatura ateratzea dute helburu, 1.500 eurotan

Jantzi berriak probatzeko erreskate baten simulakroa egin zuten suhiltzaileek, Ordiziako Su Eskolan. TECNALIA.
jon eskudero
2013ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herriko suhiltzaileek milaka erreskate egiten dituzte urtean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako suhiltzaileek, esaterako, 15.000 bat erreskatetan parte hartzen dute. Prestakuntza handia izaten dute, eta istripu kopurua oso murritza izaten da. Dena den, gertatzen diren istripuak larriak izan ohi dira. Horregatik, funtsezkoa da suhiltzaileen segurtasuna ahalik eta gehiena bermatzea. Bada, hori lortu nahian gogor aritu dira elkarlanean Tecnalia enpresa eta Ordiziako Su Eskola (Gipuzkoa), eta emaitza plazaratu berri dute. Etorkizunean suhiltzaileek soinean eramango duten jantzia diseinatu dute, eta atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia, Ordizian bertan. Jantzi horri esker, suhiltzaileen une bakoitzeko egoera zein den neurtu ahal izango da. Aurki merkaturatzea dute helburu.

Jantziak probatzeko, erreskate baten simulakroa egin zuten Su Eskolako bi kidek: Xabier Artolak eta Mikel Gabellak. Sutan zegoen gela batera sartu ziren bata bestearen atzetik, barruan zegoen panpina bat onik ateratzeko asmoz. Bost minutuz aritu ziren lanean, eta, bien bitartean, haien mugimendu guztiak kanpoan zegoen kontrol zentrotik aztertu zituzten, ordenagailu baten bidez. Bi suhiltzaileen bihotz taupadak 130-140 ingurukoak zirela ikusi ahal izan zuten, besteak beste. Euren gorputzak 37 gradutan zeudela eta lanean arazorik gabe ari zirela ere ikusi zuten.

Datu horiek eta gehiago kontrolpean izateko aukera ematen du jantziak. Sentsore batzuk ditu, eta horiei esker informazioa jasotzen du kontrol zentroan dagoenak: oxigenoaren eta gas toxikoen maila zenbatekoa den, suhiltzaileen osasun egoera egokia ote den eta abar aztertzen dute. «Suhiltzaileontzat aurrerapen handia da, kanpoan gure berri dutela jakinda seguruago sentituko baikara. Lanean jarriko dugu arreta», adierazi zuen Artolak.

Hori kolorekoak dira jantziak. Lehenengo begiratuan, nahiko sinpleak. Galtza, jaka eta elastiko termiko batez osaturik daude—hain zuzen ere, elastiko horretan daude sentsoreak—, eta azken belaunaldiko teknologia erabili dute jantziak egiteko. «Alde batetik, suhiltzaileen bihotz taupadak neurtu ahal izango ditugu sistemaren bidez, eta, bestetik, arnasketa ere aztertuko dugu. Horrez gain, termometro bat ere jarri diogu jantziari», nabarmendu zuen Su Eskolako kide Iñigo Aldasorok. Haren arabera, elastiko termikoen funtzioa garrantzitsua izango da estres termikoko edo gehiegizko beroa egiten duen egoera bat aurreikusteko garaian.

Jakak eta galtzek gas detektagailuak dituzte, eta haien bidez kanpoko gas toxikoak zein oxigeno kontzentrazioaren beherakadak detektatu ahal izango dituzte. Aldasororen esanetan, «sentsoreek kontrol zentrora bidaliko dute informazioa, eta bertatik egoera kudeatuko dugu». Jantziek gailu berezi bat ere badute, suhiltzailea denbora jakin batean mugitzen ez bada kontrol zentroari jakinarazteko.

Egungoak baino arinagoak

Bistan denez, suhiltzaileen segurtasuna hobea izango da etorkizunean, eta erosoago lan egiteko aukera izango dute. Izan ere, egungo jantziak baino arinagoak dira diseinatu dituzten berriak. «Orain arte izan ditugun jantziekin ibili edo gaur [atzo] soinean eduki duguna jantzi, aldea nabaritzen da. Askoz ere arinagoak eta erosoagoak dira jantzi berriak», nabarmendu du Artolak.

Astelehenaz geroztik ari dira jantziak probatzen Su Eskolan, eta horretan jarraituko dute datozen asteetan ere, jantziek behar dituzten hobekuntzak egiteko asmoz. Bizpahiru urte barru, berriz, jantziak merkaturatzea espero dute, 1.500 eurotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.